Debako Udalak nabarmendu bezala, hilabete honetan "debarren artean kontzientziazioa, elkarrizketa eta parte-hartzea sustatzea" helburu duten ekintzez osatutako egitaraua izango da udalerrian. Adin eta profil ezberdineko herritarrei zuzendutako jarduerak izango dira aukeran, "genero berdintasunean hausnartzeko, hezteko eta aurrera egiteko diseinatutako" programazioan.
Martxoaren 8an bertan eguerdi partean emango zaie hasiera Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jarduerei. Elkarretaratzera deitu dute 12:00etan, udaletxe azpiko arkupeetan. "Bertan, udal korporazioko kideek eta Debako herritarrek bat egingo dute berdintasunaren aldeko konpromisoa adierazteko", nabarmendu dute udal iturriek.
Aldarrikapenak, ordea, ez dira goizean soilik izango Deban. Izan ere, Euskal Herriko Mugimendu Feministarekin bat eginez, Deba-Itziarko Talde Feministak iluntzean Gure bizitzekin negoziorik ez leloarekin kalera irteteko deia egin die herritarrei. Manifestazioa egingo da 19:00etan, Foruen Plazatik abiatuta. Azpimarratu dutenez, hain zuzen, azaroaren 30eko greba feminista orokorra egin zenetik lau hilabete pasa diren honetan, "zaintza sistema publiko eta komunitarioaren aldarrikapenarekin jarraitu nahi dugu. Indarkeria matxista jasaten duten emakume guztiak oroitu nahi ditugu Martxoaren 8an".
Mobilizazioaren ondoren, bestalde, Kalean Kantuz taldeko kideek musikaz jantziko dute ospakizun eta aldarrikapen eguna, emanaldia egingo baitute herriko kaleetan barna.19:30ean hasiko dira, udaletxe azpitik abiatuta.
Ipuinak, bakarrizketa eta hitzaldia
Igandean (martxoak 10) emango zaio jarraipena egitarauari, Debako Kontalariek haurrentzat egingo duten ipuin kontaketa saio bereziarekin. Ispiluen gelan jardungo dute, 17:30etik aurrera.
Hilaren 17an, berriz, Nerea Arriola youtuber eta aktore ezagunak Asterisko bakarrizketa umoretsua eskainiko du Ispiluen gelan, 18:30ean. "Ezin enkajatu gabiltza gure egunerokoan. Asteriskoak al gara? Nortzuk gara? Nola bizi?"... galderei tiraka, Arriolak "eguneroko abenturak eta desbenbenturak" umoretik hausnartuko ditu jendaurrean.
Hitzaldi batekin bukatuko da udalerrian M8aren bueltan antolatutako jarduera sorta. Udalak Cuidando a quienes cuidan hitzaldia iragarri du martxoaren 19rako. Solasaldia 18:30ean izango da (gaztelaniaz), Kultur Elkartean, eta zaintzaileei zuzenduta egongo da batik bat.