EFEMERIDEA

Gaztetxea erre zeneko 21. urtemuga betetzen da bihar

Berriketan 2024ko mar. 7a, 13:13

Bihar (martxoak 8) beteko dira 21 urte Itur kalean kokatutako Gaztetxea erre zenetik. Gazte Asanbladako hainbat kideren testigantzak jasotzen ditu 2006. urtean kaleratutako Debako Gaztetxea bizirik! dokumentalak.

Suhiltzaileen argi urdinak eta sirena-hotsak izan ziren 2003ko martxoaren 8ko iratzargailu herritar askorentzat eta orain, sutea izan zenetik 21 urte betetzen diren honetan, hain justu, garai hartako testigantzak jasotzen dituen ikus-entzunezkoa berreskuratu dugu.

Debako Gaztetxea bizirik! dokumentalak 2006an ikusi zuen argia; Biharko ekoizpenak eta Eguzki Bideoak sortutako lana da. Bertan, Itur kalean zegoen Batzoki zaharraren okupazioa, espazio hartan garatutako egitasmoak, 2003ko sutea eta, besteak beste, gaur egun Gaztetxea den Maxpe kaleko eraikina (garai bateko hiltegi zaharra) lortzeko prozesua nolakoa izan zen azaltzen dute orduko asanbladako kideek.