Zuetaz Harro da Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak, Emakundek, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru foru aldundiek eta Eudelek martxoaren 8ra begira prestatu duten kanpaina berriaren leloa. Kanpainak lau emakume protagonista ditu, tartean Ane Bastida debarra, eta horietako bakoitzak aurreko belaunaldietan egindako ekarpenak azpimarratzen ditu.
Bastidak, zehazki, ama baten papera interpretatzen du eta, azaldu duenez, zineman eta publizitatean lan egiten duen Donostiako Modfie agentziak eskaini zion bertan agertzeko aukera. "Beraiek antolatutako casting-ean parte hartu ondoren, amaren papera egiteko aukeratu ninduten". Azaldu duenez, ez da kamera aurrean jartzen den lehen aldia. Aurrez ere iragarkietan, zineman, telebistako saioetan... parte hartu izan baitu, "baina, emakume bezala, hauxe izan da eduki dudan esperientziarik politenetarikoa". "Martxoaren 8a egun handia da guretzat. Ederra izan da beste hiru protagonistekin batera bertan agertzea", erantsi du.
Kanpainaren grabaketa prozesua ere "oso esperientzia polita" izan dela aitortu du. "Egun bakar batean egin genuen dena. Donostian daude hartuta irudiak: Psikologiako fakultatean, Musikenen eta etxebizitza pribatu batean". Otsailaren 23an estreinatu zuten kanpaina, eta martxoaren 8ra bitartean kaleetan, komunikabideetan eta sare sozialetan egongo da ikusgai. "Ordutik, dozenaka mezu jaso ditut. Jende askok zoriondu nau, toki ezberdinetan ikusi nautela esanez. Telebistan ematen ari diren iragarkian, adibidez, natural-natural agertzen naizela aipatu didate, baita 'Artista gure Anetxo!', 'Ze guapa eta ze ausarta!', 'Hi haiz hi famatua!' eta halakoak esan ere".