23. KORRIKA. Harro Herri

Aste honetan bost jarduera dakartza Korrika Kulturalak

Berriketan 2024ko mar. 5a, 14:19

Ikasleentzako film emanaldia, Errigorako produktuen dastaketa, Korrikaren material salmenta, magia ikuskizun bat eta haurrei zuzendutako Zuhaitz Eguna antolatu dituzte egunotarako. Bestalde, bihar bilduko da Korrika Batzordea, 18:00etan, Kultur Elkarteko liburutegian.

Pasa den astean eman zitzaion hasiera Korrika Kulturalaren egitarauari, ostiralean Korrikaren materiala eskuratzeko Deban jarri zen salmenta postuarekin eta igandean Itziarren izan zen ZtandaP ikuskizunarekin. Eta herriko eragileek antolatutako jarduerek egunotan izango dute jarraipena. Bost ekintza izango dira aukeran, hiru egunetan banatuta.

Bihar (martxoak 7) goizean, adibidez, Bizkarsoro filma ikusteko aukera izango dute Mendatako ikasleek Kultur Elkartean. Eta arratsaldean, 18:30etik aurrera, Errigorako produktuen dastaketa egingo da Lagun Artea elkartean, Zuhatzaren ekimenez (doakoa izango da hitzordua, baina aurrez eman behar da izena, 688 84 03 08 telefonora mezua bidalita).

Gainontzeko ekintzak asteburuan egingo dira. Martxoaren 9an, larunbatean, Korrikako materiala erosteko aukera izango da Deban; postua udaletxe azpiko arkupeetan jarriko dute, 12:00etatik 14:00etara bitartean, eta bertan arropa, banderolak eta petoak izango dira, besteak beste, salgai. Iluntzean, aldiz, magia ikuskizuna eskainiko du Niala Magoak Kultur Elkartean. Saioa 20:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude bost euroan (Interneten www.labur.eus/kulturnialamagoa estekan eskura daitezke, eta egunean bertan emanaldia hasi aurretik ere erosi ahal izango dira).

Igandean, berriz, haurrei zuzendutako zuhaitz landaketa saioa egingo da, Debanatura elkartearen ekimenez. Antolatzaileek azaldu dutenez, partaideak 11:00etan bilduko dira Errota Zarreko aparkalekuan eta Artzabalgo erriberan, itsasadarraren ibaiertzean dagoen lursail batean, egingo da landaketa. "Aurtengoa Korrikaren 23. edizioa izango denez, bertako hainbat espezietako 23 zuhaitz eta zuhaixka landatu nahi ditugu Artzabal auzoan, ibaiertzeko Kostas-en eremu publikoan". 12 urtez azpiko haurrek heldu baten laguntzarekin parte hartu beharko dute ekimenean. Plazak mugatuak izango dira eta aldez aurretik izena ematea beharrezkoa dela gogorarazi dute antolatzaileek (debanatura@hotmail.com).

Martxoaren 13an emango zaio jarraipena Korrika Kulturalaren egitarauari. 

Bihar Korrika Batzordearen batzarra

Bestalde, bihar (martxoak 6) bilduko da berriz ere Korrika Batzordea, 23. Korrika martxoaren 20an Debara iritsi aurretiko lanak txukun antolatzen jarraitzeko helburuz. Bilera 18:00etan egingo da, Kultur Elkarteko liburutegian. Batzorkideek azaldutakoaren arabera, lasterketa ofizialak herrian barna egingo duen ibilbidea eta lekuko aldaketak eta eramaileak zehaztu nahi dituzte biharko bilkuran.