ERREPORTAJEA

Minbiziaren aurkako elkarteko kideak urte luzez lanean

Berriketan 2024ko mar. 5a, 10:07

AECCren Debako batzordeko hainbat boluntario zumardian

Otsailaren 4an Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatu zen eta, egun hori aitzakia hartuta, Deban gaitzaren aurka lanean ari den taldeko kideekin bildu da Berriketan.

Kasuek behera egin badute ere, minbiziak oraindik ere heriotza kausa nagusietako bat izaten jarraitzen du. Osakidetzaren arabera, EAEn urtean 14.000 minbizia kasu berri diagnostikatzen dira batez beste, eta heriotzen lautik bat eragiten ditu (%27,4). Datuak kezkagarriak izan daitezkeen arren, gaitzari aurre egiteko bide eta modu berriak ikertzen eta zabaltzen hasi dira, eta horrek itxaropen izpi bat ekarri die gaixotasuna pairatzen ari direnei zein haien ingurukoei.

Urte luzez gaitzaren aurkako borrokan lanean diharduen taldeetako bat da Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea (AECC). Urteak daramatza paziente onkologikoen bizi kalitatea hobetzen saiatzen eta hori guztia, neurri handi batean, boluntarioen "funtsezko" lanari esker gauzatzen da. Elkartearen esanetan, "berebiziko garrantzia" du hainbat herritarrek musutruk egiten duten lanak, eta Deban ere ondo dakite hori.

AECCren Debako batzordea: "Laguntza behar dugun guztietan, boluntario sare sendo baten babesa daukagu; zerbait antolatzen dugun bakoitzean, 30 pertsona inguru inplikatzen dira"

AECCk Gipuzkoan dituen boluntario horietako bi dira Miren Ibañez eta Itziar Muga. Duela zazpi bat urte hartu zuten herriko taldearen gidaritza. "Aurreko batzordeko kideei laguntzen hasi genuen gure ibilbidea. Diru-bilketa edo beste zerbait egin behar zenean, laguntzera hurbiltzen ginen. Baina adinean aurrera egin ahala, eta izugarrizko lana egin ondoren, aurretik zeudenak ardurak delegatzen hasi ziren. Atseden hartzeko unea zela erabaki zutenean, guk hartu genuen haien lekukoa", azaldu dute. 

Bizpahiru kide arduratzen dira taldeaz, baina tokiko ordezkaritza kuadrillako hamar bat lagunen artean kudeatzen dutela azpimarratu dute. "Batzuentzat, gu gara erreferentziazko pertsonak taldean, baina talde handiago baten lana dago atzetik. Ez hori bakarrik, laguntza behar dugun guztietan, boluntario sare sendo baten babesa daukagu; zerbait antolatzen dugun bakoitzean, 30 pertsona inguru inplikatzen dira ekintzetan".

Aipatu dutenez, kafe bat hartzen duten bitartean egiten dituzte batzarrak, lagunarteko giroan. "Taldeak, egia esan, ez du lan handirik eskatzen. Bailarako gainontzeko taldeetako arduradunekin batzar bat izaten dugu hilero Eibarko egoitzan, eta bertan esaten dena Whatsappez edo hurrengo hitzorduan partekatzen dugu". Horiek hala, taldeko kide izateak "konpromiso txikia" eskatzen duela gaineratu dute. "Noizean behingo kontuak izaten dira eta, beraz, ez gara maiztasun zehatz batekin biltzen. Whatsapp talde bat dugunez, zerbait egin behar den bakoitzean deialdia egiten dugu, eta kito. Datorrena beso zabalik hartuko dugu: gogoa izatea da baldintza bakarra". 

"Kaleko boluntariotza" 

Deban, batez ere, "kaleko boluntariotza" deritzoten esparruan aritzen dira. "AECCren funtzionamendua babesteko eta ikerketa onkologikoko proiektuak finantzatzeko dirua batzea da gure egiteko nagusia. Biltzen den dirua, besteak beste, minbizia duten pazienteei eta haien senideei Eibarko egoitzan doan eskaintzen zaien arreta sustatzera eta zerbitzuak indartzera bideratzen da. Horrez gain, Gipuzkoako elkarteak gaitza ikusarazteko edo goiz detektatzeko antolatzen dituen kanpainetan parte hartzen eta beste hainbat ekitaldi antolatzen ere saiatzen gara".

AECCren Debako batzordea: "Deban, egia esan, oso harro gaude herritarren erantzunarekin; jendea oso eskuzabala da"

Azken urteetan, adibidez, kontzertu bat antolatzen dute Aitzuri abesbatzaren laguntzarekin. "AECCren presentzia handitzeko, elkarteak berak eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko eta diru pixka bat lortzeko baliatzen dugu udan egiten dugun kontzertua. Ez da sarrerarik kobratzen, baina nahi duenak bere ekarpena egiteko aukera dauka eta, ez pentsa, denbora gutxian diru dezente biltzen da. Norbaitek AECCren alde antzeko ekitaldiren bat edo bestelako zerbait antolatu edo eskaini nahiko balu ere, proposamena ongi etorria izango da". 

Minbiziari ikusgarritasuna emateko eta jendartearen kontzientziazioa pizteko asmoz, beste ekintza batzuk ere egiten dituzte. Otsailaren 4an, Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Egunean, esate baterako, udaletxeko balkoian Haitz Haundi elkarteak egindako irudia eskegi zuten, eta eraikina bera ere berdez argiztatu zuten. Urriaren 19an ospatzen den Bularreko Minbiziaren Aurkako Egunean ere antzeko ekintza bat egiten dute; "xingola arrosa jartzen dugu udaletxeko balkoian, Amagoia Arrieta kirolariaren argazkia daraman pankartarekin". Bestalde, loteriak AECCri urtean behin eskaintzen dion zozketarako eta Gabonetako loteriaren zozketarako dezimoak ere saltzen dituzte. "Azkenaldian, gainera, Eibarren egiten den Minbiziaren Aurkako Martxan ere presentzia izaten ahalegintzen gara".

Doako zerbitzua

Elkarteak jasotzen dituen diru ekarpenei esker, doako hainbat zerbitzu eskaintzen ditu AECCk. "Dirua biltzeko antolatzen ditugun ekintza guztiak ezinbestekoak dira zerbitzu horiek mantendu ahal izateko. Deban, egia esan, oso harro gaude herritarren erantzunarekin; jendea oso eskuzabala da".

Gai horretan sakonduz, AECCren egoitzetan askotariko laguntza ematen dela gogorarazi dute. "Eskualdeko herritarrek Eibarko egoitzan jaso ditzakete zerbitzuak, baina, tamalez, inguruko jendeak ez du elkartearen doako eskaintza osoa ezagutzen. Hori dela eta, ekintza guztietan informazio hori zabaltzen saiatzen gara". Eibarren, besteak beste, pazienteentzako eta senideentzako terapia psikosoziala eskaintzen dute eta prebentzio jarduerak ere egiten dira. "Era berean, material ortopedikoa doan har daiteke maileguan (ohe artikulatuak, eskarak ekiditeko koltxoiak, gurpil-aulkiak...). Eta tratamendua kanpoan jaso behar dutenentzako harrerako etxebizitzak ere badituzte", gaineratu dute.