Urtez urte ozeanoa eta natura maite dutenen arreta bereganatu izan duen Cimasub jaialdia Deban izango da martxoan. Jaialdia Real Sociedad Urpekoak antolatu du, Debako Udalaren, Real Sociedad Fundazioaren eta Mater Museoaren laguntzarekin eta, udal iturriek iragarri dutenez, martxoaren 7tik 24ra Etorkizun urdina eraikitzen lelopean gauzatuko den jaialdiak "programazio anitza" eskainiko die beste behin ere debarrei, "itsas-kontserbazioaren garrantzi kritikoarekin emozionatzeko eta hezteko helburuarekin".
Egitarauari dagokionean, "ozeanoen eta bertako ekosistemen edertasuna eta ingurumen-degradazioari aurre egiteko beharra" erakusten duten film batzuk proiektutako dituzte Kultur Elkartean. Hiru astetan banatuta (martxoak 7, 14 eta 21), planeta osoko "itsaspeko paisaia harrigarriei leihoa zabaltzen dieten" 23 film labur eta hiru dokumental ikusteko aukera egongo dela azaldu dute; emanaldi guztiak 18:30ean hasiko dira. "Ikusmen-narrazio liluragarri baten bidez, ikusleak gure itsas ekosistemen edertasunaren eta hauskortasunaren lekuko izango dira. Hainbat gai aztertuko dira: besteak beste, koralezko arrezifeen kontserbazioaren garrantzia, espezie inbaditzaileen mehatxua Mediterraneoan, estresak bizitza modernoan duen eragina eta bertako arrantzaleen eta marrazo baleen arteko harremana".
Gogorarazi dutenez, sarrera guztiz doakoa izango da. "Mundu guztia gonbidatuta dago munduko argazkilari eta bideografo onenak biltzen dituen esperientzia paregabe honekin bat egitera. Zentzumenentzako atsegina izateaz gain, bidaia bisual hau hausnarketarako eta ekintzarako deia ere bada ".
Txikizikloa eta argazki erakusketa
Belaunaldi berrietan "itsas kontserbazioaren hazia ereiteko ahaleginean sakondu" nahian, bestalde, Itsaspeko Txikizikloa deritzona ere antolatu dute. Kultur Elkarteak hartuko du Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutako saioa; martxoaren 11n izango da emanaldia, 10:00etan hasita. "Jarduera hau itsasoarekiko eta bertako izakiekiko estimazioa duten haurrak inspiratzeko diseinatuta dago, eta bertan ekosistema babestearen garrantzia azpimarratzen da".
Cimasub, baina, ez da itsaspeko zinemara soilik mugatzen, "gizakiaren eta ozeanoaren arteko harremanaren dimentsio ugari hartzen dituen ekitaldi oso bat da". Hala, esperientzia zinematografikotik harago, argazki erakusketa "zirraragarri eta deigarri" bat ere egingo da aurten; urpeko munduaren edertasuna islatzen duten 24 argazki ikusi ahal izango dira bertan. "Erakusketa honen helburua da bisitariak ozeanoaren sakonerara eramatea, gizakiaren eta itsasoaren arteko harreman konplexu eta sarritan desafiatzailea esploratuz".
Martxoaren 7tik 24ra udaletxeko areto nagusian egongo da ikusgai erakusketa. Honakoa da ordutegia: ostegun eta ostiraletan 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, berriz, 11:00etatik 13:30era eta 17:30etik 20:30era. "Busti gabe itsas sakonera aztertzeko aukera eskainiko zaie bisitariei".