Palestinaren egoerarekin arduratuta, gaiari buruz informatzeko eta herritarren artean "kontzientzia pizteko" helburuarekin bi ekitaldi antolatu ditu Deba-Palestina herri ekimenak. Ostegunean (otsailak 29), esaterako, herrialde horretan gertatzen ari dena hobeto ezagutzeko aukera izango da Gabirel Ezkurdia adituaren eskutik. GeopolitikaZ-eko ikerketa taldeko kide, politologo eta nazioarteko analista, zehazki, Zer ari da gertatzen Palestinan? galderari erantzuten saiatuko da Kultur Elkartean 18:30ean hasita emango duen solasaldian. "Etorri denok! Oso interesgarria izango da".
Antolatzaileek azpimarratu dutenez, gatazkaren nondik norakoak azaldu eta hori guztia testuinguruan kokatzen saiatuko da hizlaria. "Analisi politikoan esperientzia zabala duen pertsona da Ezkurdia, eta ondo ezagutzen ditu munduko hamaika txokotan ematen ari diren gatazkak eta horien nondik norakoak. Gaiari buruzko hitzaldi pila bat ematen ari da azkenaldian, eta iruditu zitzaigun aukera polita izan ahal zela Ezkurdia bera Debara etortzea, herritarrek gaiari buruzko ikuspegi zabalagoa edukitzeko. Izan ere, askok ez dute jakingo nondik datorren hau guztia eta uste dugu egungo egoera ulertzen lagunduko lukeela".
Ostiralean izango da antolatu duten hurrengo hitzordua. Zehaztu dutenez, Palestinarekiko elkartasuna adierazteko elkarretaratzea izango da, 19:00etan, Foruen Plazan; Genozidioa gelditu lelopean, Israelgo Estatua Palestinaren aurka egiten ari den "genozidioa salatzera" deitu dituzte herritar guztiak. "Herriko hainbat eragile ere bertaratzera gonbidatu ditugu. Gure asmoa da Palestinako banderak eskuetan hartuta argazki polit bat ateratzea".
Mobilizazioa 19:00etan hasiko bada ere, 18:00etatik aurrera udaletxe azpiko arkupeetan izango direla aurreratu dute. "Bertan informazio postua ipiniko dugu eta Palestinako banderak ere bertan izango ditugu salgai".