Lepo bete zen Kultur Elkarteko aretoa Eñaut Elorrietaren kontzertuan

Berriketan 2024ko ots. 26a, 13:22

Kultur Elkarteko aretoa leporaino bete zuen Eñaut Elorrietak joan den larunbatean, otsailaren 24an. Kantugile eta abeslari gernikarra bakarka aritu zen agertokian, gitarra lagun.

Aurreikusi bezalaxe, larunbat iluntzean goraino bete zen Kultur Elkarteko aretoa musikari ezagunaren ordubete pasako emanaldiaz gozatzeko.

Fantasia diskoa izan zen kontzertuaren "bizkarrezurra", baina Elorrietaren ibilbide musikalaren errepaso gisa balio izan zuen entzuleen aurrean interpretatutako abesti zerrendak. Ken Zazpi taldearen kanta ezagunak ez ezik, bestelako proiektu batzuetako piezak ere eskaini zituen agertokian, hainbat eta hainbat abesti publikoarekin batera ahots batez kantatuz.