Zuzendaritza taldeko kideak jarduera fisikoa sustatzea helburu duen ibilaldi bat antolatzen saiatzen dira hilabetero eta, oraingo honetan, Soraluzetik abiatu eta Bergaran amaituko den txango bat egitea proposatu dute. Antolakuntzak herritar guztiak gonbidatu ditu bertara. "Adin eta maila fisiko guztietako pertsonei zuzenduta dago".
Bihar (martxoak 7) izango da irteera eta bertan parte hartzeko interesa dutenek ez dute aurrez izenik eman beharko; 09:00etan pasealeku estali parera gerturatzea nahikoa izango da, izan ere, ordu horretarako autobusa hartu eta Soraluzera abiatzea da asmoa. 09:40 aldera iritsiko da autobusa Soraluzera, eta han gosaltzeko tarte bat hartzeko aukera egongo dela adierazi dute. "Nahi duenak jubilatuen tabernan kafe bat hartzeko denbora izango du".
Ibilaldia, berriz, 10:30ean hasiko dute. Azaldu dutenez, 10 kilometroko ibilaldia egingo dute, bidegorri "erraz eta eder batetik". Antolakuntzak aurreikusitakoaren arabera, bi ordu pasatxoko ibilaldia izango da. "12:45ak bueltan Bergarara iristea espero dugu. Herrian, gainera, mokadutxo bat jateko tartea ere hartuko dugu". Bergaratik Debara autobusez eta trenez bueltatuko direla esan dute. Zehazki, Bergaratik Eibarrerako tartea autobusez egingo dute, eta Eibartik Debarakoa, berriz, trenez. "13:25ean hartuko dugu autobusa Eibarrera joateko. 14:09an, berriz, Eibarko Ardantza geltokian trena hartuko dugu". 14:42an Deban egotea espero dute.