Udalak 54.367,72 euroan (BEZ aparte) lizitatu du zerbitzu horien kontratazioa, eta urteko hamabi hilabeteetan eskaini beharko da, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik. Erabiltzaileekin izango den zuzeneko jarduera ordutegia ere zehaztu du udalak: hau da, 10:30etik 12:30era eta 15:15etik 16:40ra eskaini beharko da zerbitzua.
Azpimarratu dutenez, honako zerbitzuak antolatu eta gauzatu beharko dituzte lizitaziora aurkezten diren enpresek:
- Eguneko bizitzarako jarduerak
- Psikoestimulazioa eta psikomotrizitatea
- Errealitatera eta jarduera fisikora bideratzea
- Ludoterapia, memoria, oroitzapen eta eskulan tailerra
- Funtzio psikoafektiboetan, jarduera sozialetan eta berezietan esku hartzea
Zerbitzu horiez gain, arreta psikologiko integrala eman beharko dela ere azaldu dute, "erabiltzaile guztien balorazio kognitiboa, funtzionala, jokabidezkoa eta psikoafektiboa barne". Era berean, Arreta Indibidualizatuko Plana (API) osatzeko prozesuan parte hartu beharko dutela esan dute.
Horrekin batera, enpresa interesdunek beren eskaintzetan zehaztu beharko dute baldintza-agirian ezarritako betekizunak betetzeko proposatutako barne-antolamendua. "Udalarekin komunikazio eraginkorra izateko gaitasuna baloratuko da, eta, horren barruan, gorabeheren aurrean berehalako txostenak ematea, erabiltzaileen sei hilean behingo balorazioak, bilakaerari buruzko urteko txostenak eta jardueren urteko programazioa eta memoria".
Martxoaren 6a da kontratua eskuratu nahi dutenek proposamenak egin eta eskaintza ekonomikoa aurkezteko azken eguna. Lizitazioari buruzko informazio eta xehetasun gehiago nahi izanez gero, Debako Udal atariaren Kontratatzailearen Profilean sartzeko eskatu dute.