Geroz eta gertuago dago 23. Korrikaren hasiera. Martxoaren 14tik 24ra ospatuko da aurten euskararen aldeko lasterketa erraldoia, Harro herri lelopean. Irunen hasiko da, eta Baionan amaitu, eta Debatik martxoaren 20an igaroko da. Aurrez ordea, izango da bestelako ekitaldirik ere herrian.
Egunotan, esaterako, Korrikaren materiala eskuratzeko salmenta postua jarriko dute. Harro Herri leloa duen arropaz gain, giltzatakoak, petoak, biserak eta bestelako osagarriak izango dira aukeran, gaur (otsailak 23), 19:30etik 21:00etara eta bihar (otsailak 24), 12:00etatik 14:30era, udaletxe azpiko arkupeetan jarriko duten postuan. Korrika batzordeko kideek azpimarratu dutenez, salmentekin lortutako dirua egitasmoa bera eta euskaltegiei laguntzeko erabiliko da.
Dena dela, materiala Korrikaren online dendan zein Bilboko, Donostiako, Iruñeako, Gasteizko, Santurtziko, Beasaingo eta Ondarroako denda fisikoetan ere salgai dagoela gogorarazi dute.