ELKARRIZKETA

Eñaut Elorrieta: "Jendearen erantzun onak adierazten du badagoela interes bat kantatzeko dudan hori entzuteko"

Berriketan 2024ko ots. 22a, 11:00

Eñaut Elorrieta kantugile eta abeslari gernikarra. ARRIGURI

Larunbatean (otsailak 24) Kultur Elkartean izango da Eñaut Elorrieta (Gernika-Lumo, 1975). Gitarra eskuetan, bakarka ariko da agertokian eta, azaldu duenez, "kantuak beren biluztasunean eta gordintasunean, baina, aldi berean, beren osotasunean" entzuteko aukera izango du publikoak. Emanaldirako sarrera guztiak agortuta daude.

Kantugile eta abeslari gernikarrak urteak daramatza musikagintzan eta ibilbide luze eta oparo horren lagin bat erakustera dator Debara. Berriketan-i azaldu bezala, emanaldiak ordubete pasako iraupena izango du eta, bertan, bere ibilbidearen "errepaso moduko bat" egingo du, Ken Zazpiren abestiak ez ezik, bestelako hainbat proiektutako piezak ere kantatuz. Aipatu duenez, gustuko du Kultur Elkartea bezalako leku berrietan lehenbizikoz aritzea. "Halakoetan, ondo egiteko gogoa sentitzen dut eta, aldi berean, erakargarria egiten zait. Beraz, pozarren joango naiz".

'Fantasia' diskoaren biran murgilduta zabiltza azkenaldian. Bira horren baitan sartzen al da Debako kontzertua ere?
Bestelako zuzenekoetan, beste musikari batzuek laguntzen didate kantuak janzten, baina kasu honetan neu bakarrik joango naiz. Emanaldiaren bizkarrezurra Fantasia diskoa izango da, baina, horrekin batera, Ken Zazpitik hasi eta nire ibilbideko beste hainbat proiektutako abestien errepaso moduko bat ere egingo dut kontzertuan. Asmoa da kantuak beren biluztasunean eta gordintasunean eskaintzea, baina, aldi berean, beren osotasunean, hau da, mundura sortu ziren moduan.

Minutu gutxian saldu ziren emanaldirako sarrera guztiak. Zer sentitzen da halakoetan?
Kontzertu bat iragarri eta horrelako erantzuna izateak poz handia ematen du. Kantuak sortzerakoan, emaitza publikoarengana iritsi dadila bilatzen da, eta jendearen erantzun onak adierazten du badagoela interes bat kantatzeko dudan hori entzuteko. Hori guztia oso motibagarria da, eta kasu horietan daukadan onena eskaintzera irteten naiz.

“Norbera norbere egiatik aritzen denean, mezu hori nola edo hala publikoarengana heltzen da”

Zein da, zure ustez, hainbeste urteren ondoren aretoak betetzen jarraitzeko sekretua?
Ez dakit, baina ni behintzat egiten dudan hori guztia konbentzituta eta pasioz egiten saiatzen naiz; neure egiatik abiatuta egiten dut. Askotan ez da jakiten egiten duzun horrek zer harrera izan dezakeen, baina denborarekin gero eta garbiago daukat norbera norbere egiatik aritzen denean, mezu hori nola edo hala publikoarengana heltzen dela.

Areto txikia da Kultur Elkartekoa... Antzoki handia edo espazio txikia, zer nahiago duzu? 
Antzoki handiagoa edo areto txikiagoa izan, nik uste dut norbere proposamena leku horretara moldatzea dela interesgarriena; errepertorio bat edo beste aukeratu eta kantu horiek nola eskainiko dituzun erabakitzeko orduan, lekua bera ere erabakigarria izaten da. Azken hilabeteetan, antzokietako biran bete-betean sartuta nabil talde handiago baten laguntzarekin eta formatu horretan oso gustura sentitzen naiz, baina uste dut Deban eskainiko dudan emanaldiaren estiloko kontzertuak ere oso aberatsak direla; asko gustatzen zait noizbehinka mota horretako kontzertuak ematea. Izan ere, kantuak sortu nitueneko sentsazio haietara gerturatzen naiz. Oso erakargarria eta interesgarria iruditzen zait taldearekin jotzean hain ezaguna dudan eta barneratuta daukadan kantu hori norberak bakarrik gitarrarekin berriro defendatzea. Abesti hori artistikoki beste ertz batetik deskubritzeko aukera ematen dit, hain zuzen ere.

Zer nolako hartu-emana izan nahi duzu Debako publikoarekin? 
Publikoaren arabera, sentsazioak ez dira beti berdinak izaten. Dena dela, esango nuke bertaratzen den entzulearentzat ere askoz gertukoagoa izaten dela esperientzia horrelako leku txikietan, publikoa hain gertu egonda. Halako emanaldietan kanal intimo bat sortzen da, oso gertukoa, entzulearen eta nire artean eta, beharbada, askoz zailagoa da hori antzoki handi batean lortzea.

“Oso azkar kontsumitzera bultzatzen gaituen gizarte batean bizi gara eta disko hau, hain justu, kontrako norabidean egindako proiektu bat da; osorik eta patxadaz entzuteko eginda dago”

Itzul gaitezen duela urtebete pasa kaleratutako 'Fantasia' lanera. Gustura al zaude orain arte egin duen bidearekin?
Oso pozik eta harro nago egiten dabilen bidearekin. Nire ibilbidean oso disko garrantzitsua izan da eta uste dut denborarekin oraindik ere pisu handiagoa hartuko duela. Erronka handia izan zen, nire konfort eremutik eta nire ohiko formatutik atera ninduelako. Disko honetan, oinarrizkoarekin bakarrik gelditzeko nahi artistiko bat zegoen eta, horregatik, elementuak kentzen eta kentzen joan ginen; baxu eta bateria oso gutxirekin egindako lana da, oso era biluzian aurkeztua, eta iruditzen zait oso apustu garrantzitsua eta arriskatua izan zela. Ikuspuntu komertzialago batetik aldendu eta beste bide batzuk jorratzera ausartu naiz. Oso azkar kontsumitzera bultzatzen gaituen gizarte batean bizi gara eta disko hau, hain justu, kontrako norabidean egindako proiektu bat da; osorik eta patxadaz entzuteko eginda dago, eta denbora eskaini behar zaio.

Nola definituko zenuke diskoa?
Xehetasunak eta ñabardurak gailentzen dira. Oso soinu soil eta zuzena du, gordina, apaingarririk gabea. Esango nuke olatua apurtu osteko edertasuna eta apar horretan sortzen den halako energia bare moduko bat duela diskoak. Eta iruditzen zait entzuleak ere baretasun edo bake hori aurkitu duela proposamen honetan.

Maiatzean amaituko duzu bira. Zer erronka daukazu etorkizunera begira?
Lan handia egin ondoren, musikalki oso momentu gozoan gaudela uste dut; hasi ginenetik hona kantuak handitzen eta ontzen joan direla iruditzen zait. Bira amaitzen denean, eta behin kontzertuetako intentsitatea jaitsita, sorkuntza prozesuan bete-betean sartzea da nire asmoa. Tarte horretan kontzertu bakan batzuk emateko aukera izatea ere espero dut, baina nire burua eta gorputza batez ere sorkuntzara bideratuta egongo dira.