Duela bost urte, 2019an, sortu zen Kultur Mahaia proiektua, Deban kultur esparruan dauden gabeziei erantzuteko helburuz. Izan ere, nabaria zen herriko jarduera kulturalak aurrera eramateko azpiegitura baten beharra, baita eragileen arteko koordinazio eta elkarlan falta ere. Hala jarri zen martxan kultur eragileen eta norbanakoen arteko koordinaziorako eta elkarlanerako sortutako gunea.
Antolakuntza eredu bat adostu zen: Kultur Mahaia eragileen asanblada orokorra zen, herriko kultur dinamikaren koordinazio gunea; Zubeltzu Iruten kulturgune fisiko baten beharrari erantzuteaz arduratzen zen; eta, era berean, aipatutako proiektu horiek gidatzeko eta dinamizatzeko, lantalde ezberdinetako ordezkariek osaturiko talde motorea sortu zen.
Proiektura hogeitik gora eragiletako kideak batu ziren eta, poliki-poliki, oztopoak oztopo, lanean jardun genuen. Baina 2020ko udaberrirako antolatzen ari zen Kultur Loraldia ezin izan zen loratu; martxoko bi asteburu kultur egitasmoz betetzea zen plana, baina pandemiak gogor jo gintuen, eta negu ilun batean hibernatzera behartu zuen Kultur Mahaia.
Pandemiatik guztiz errekuperatuta, herriak ez dio utzi kultur ekitaldiak antolatzeari. Duela bost urte aztertutako oztopoek bere horretan diraute, edo are larriago, baina argi dago debarren artean elkartzeko eta mugitzeko grina badagoela. Txoritxoen kantuak entzuten hasi dira, eta larreak loratzen. Kultur Mahaia hibernaziotik esnatzeko garaia heldu da.
Herriko eragile eta norbanako guztiak gonbidatzen zaituztegu otsailaren 23an, ostirala, Kultur Elkarteko liburutegian 18:00etan egingo den bilera irekira. Denon artean jar gaitezen berriz martxan herriko kulturaren alde!