Debako Kultur Elkarteak Ostolaza Sarien lehen ediziorako deialdia egin berri du, "udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzeko eta aintzatesteko".
Lau sari banatuko ditu herriko kultur eragile ezberdinek osatuko duten epaimahaiak (Sortzaileak, Dinamikak, Ezinbestekoak eta Hazia Saria), eta horietarako hautagaiak edozein herritarrek proposatu ahal izango ditu, otsailaren 22tik martxoaren 22ra bitartean. Sari banaketa ekitaldia maiatzaren 11n egingo da, Kultur Elkarteak Bazkidearen Eguna ospatzeko antolatuko duen egitarauaren baitan.
Ostolaza Sariei buruzko informazioa, deialdiaren oinarriak eta hautagaitzak aurkezteko formularioak labur.eus/ostolazasariak atarian daude eskuragarri. Halaber, aurkezpen bideoan ere azaldu dituzte ekimenaren nondik norakoak.