Eskolaz kanpoko laguntza emateko boluntario bila ari dira Deban

Berriketan 2024ko ots. 20a, 09:29

Udal iturriek zehaztu dutenez, Aukerak Suspertzen programa komunitariorako behar dituzte boluntarioak.

Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak abian jarritako Aukerak Suspertzen programa bultzatzeari ekin dio Debako Udalak ere. Hezkuntza-prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten, eta gizarte-desabantaila egoeran dauden Lehen eta Bigarren Hezkuntzako adingabeei zuzenduta dago egitasmoa eta, hain zuzen ere, udalerrian egoera zaurgarrian dauden haur eta nerabe gehiagori lagundu ahal izateko lantaldea indartzeko beharra dutela jakitera eman dute. 

Azaldu dutenez, eskolako lanak egitera, gaitasun digitalen edota linguistikoen garapenera eta ikasteko tekniken ikaskuntzan dauden beharrak asetzera dago bideratuta programa eta, hortaz, arlo horietan boluntario bezala parte hartu nahi duen orori dago zuzenduta deialdia. Parte hartzeko interesa dutenek 688 76 54 05 telefono zenbakira deitu edo aukeraksuspertzen@agintzari.eus helbidera mezu elektroniko bat bidali beharko dute.