Zuhaitzaren egungo egoera "arriskutsua" izan daitekeela iritzita, Aldazabal Murgia jauregiaren parean dagoen parkeko zedroa kenduko dute bihar (otsailak 20). "Zuhaitza nabarmen okertua dago egun, eta arriskutsua izan daiteke herritarrentzat. Hori dela eta, erretiratzeko erabakia hartu da", agertu dute udal iturriek.
08:00etan hasiko dira zuhaitza kentzeko lanak, eta oinezkoen "segurtasuna bermatze aldera", Ifar kalearen zati bat itxita egongo dela jakitera eman dute. "Kalea itxita egongo da goiz osoan eta, hortaz, oinezkoak ezingo dira eremu horretan ibili. Ifar kalearen eremu hori ixtearen ondorioz, gainera, inguruko igogailua ere zerbitzutik kanpo geratuko da". Zehaztu dutenez, Ifar kaleko zein Mogel kaleko sarbideak itxita egongo dira. "Debako Udalak barkamena eskatu du lanek sor ditzaketen eragozpenengatik. Era berean, eskerrak eman dizkie herritarrei ulermenagatik".