Arbil elkarteak otsailerako antolatu dituen ekintzen artean, hautatu ez den adinekoen bakardadearen gaian sakontzeko aukera egongo da. Jendartean geroz eta arreta gehiago bereganatzen ari da gaia eta, testuinguru horretan, Nahi ez den bakardadea izenburua duen hitzaldia antolatu dute ostegunerako (otsailak 22); 10:00etan izango da hitzordua, Arbil elkartean bertan.
Ainhoa Becerra Adinberri fundazioko Berrikuntza arduradunak gidatuko du saioa eta aurreratu duenez, bakardadeari buruzko elkarrizketa publikoa sustatzen saiatzea izango da helburua. "Inposatzen den bakardadea mingarria da eta kostatu egiten zaigu errekonozitzea. Bakardadea isila da, oro har, anitz eta ikusezina, eta horregatik da hain garrantzitsua gai hau mahai gainean jartzea eta elkarrizketa publiko inklusiboa sustatzea", dio Becerrak.
Solasaldia, gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzeko eta aurre egiteko garatu duten Hariak estrategia aurkezteko eta egitasmo horren ildo estrategiko nagusiak azaltzeko ere baliatuko dute. "55 urtetik gorako gipuzkoarren % 30 inguru bakarrik sentitzen da, baina errealitate hori soilik % 5,5ak onartzen du zuzenki. Hariak estrategiak, hain zuzen, errealitate horri erantzun nahi dio: nahi ez diren bakardadeen inguruan dagoen estigma soziala ezabatzea da estrategia horren helburu nagusia, baita horiek aurreikusteko zein heltzeko tresnak eta baliabideak sortzea".