Antolakuntzak jakitera eman duenez, "euskarak bizi duen egoera kezkagarriaz" mintzatzeko baliatuko dute Iurrebasok 2023ko otsailean aurkeztutako doktore tesian (Hizkuntza gutxituen jarraipena, ordezkapena eta indarberritzea neurtzeko demolinguistikazko tresna metodologikoak garatzen. Euskal Herrirako aplikazio praktikoa) oinarritzen den solasaldia.
Tesian, hainbat ideia giltzarri plazaratu zituen, euskararen benetako egoera zein den jakiteko eta diagnostiko zehatzagoa osatzeko eta UEMAri garrantzitsua iruditu zaio “euskararen biziberritzerako ezinbestekoak” diren gako horiek ezagutaraztea; hain zuzen ere, horiek herriz herri zabaltzeko hitzaldi zikloa antolatu dute udalekin, euskara elkarteekin eta tokian tokiko eragileekin lankidetzan.
Iurrebasok iaz aurkeztutako doktoretza tesiak, zehazki, euskalgintzan azken urteotan gailendu den kezkari heltzen dio zuzenean. Egilearen arabera, kezka horiei aurre egiteko hizkuntza gaitasunari behatzea da gakoa. "Askotan esan izan denaren kontra, Euskal Herrian bereziki ahul dago euskara hizkuntza gaitasunean, eta indartsu gaztelera eta frantsesa". Are gehiago, erabilera, transmisioa, hizkuntza bilakaera eta hizkuntzek duten nagusitasuna kontuan hartuta, "euskara minorizazio gorriko egoeran" dagoela dio azterketak. "Gordin adierazita: Iurrebasok aztertu dituen adierazleek gertuago erakusten dute hizkuntza heriotza egoera batetik, balizko elebitasun orekatu egoera batetik baino. Datu horiek eskuetan, gainera, beste zentzu bat hartzen dute euskalgintzan eta hizkuntza politikan ohikoak diren galderek eta hausnarketek".