Abian da jada Euskal Herriko XV. Mus Txapelketa eta, antolatzaileek jakitera eman dutenez, Debara ere iritsiko da txapelketa; otsailaren 17an Arrano Elkartean jokatuko dute herri mailako kanporaketa. Izen-ematea 17:00etan zabalduko dute, eta bikote bakoitzak 20 eurona ordaindu beharko ditu parte hartzeko. Lehia, berriz, ordu-erdi beranduago hasiko da, 17:30ean, hain zuzen. Ohartarazi dutenez, Euskal Herriko Mus Federazioak txapelketarako prestaturiko arauen arabera jokatuko da txapelketa. "Arauak eskura izango dituzue, baita webgunean ere".
Antolakuntzak musean jolasteko zaletasuna duten guztiak gonbidatuko ditu Debako hitzordura. Gogorarazi dutenez, beste herri batean bizita ere, parte hartu ahal izango da norgehiagokan. Kanporaketa amaitzean, hainbat sari banatuko dituzte. Garaileek, gainera, martxoaren 9an Irurako frontoian jokatuko den Gipuzkoako finalera sailkatzeko aukera izango dutela iragarri dute; parte hartzaile kopuruaren arabera, txartel bat baino gehiago egon daitezke jokoan. Aurtengo final handia, berriz, Zuberoako Altzai herrian jokatuko dute, martxoaren 23an.