Urte berriarekin batera, proposamen berria dakarte Deba eta Itziarko talde feministako kideek: Afari feministak. Otsailaren 23rako iragarri dute Eszena musikala eraikiz lelopeko lehen hitzordua; 21:30ean izango da, Arrano Elkartean. "Duela urte batzuk, gai bera ardatz hartuta, jaialdi antzerako bat antolatu genuen eta, egia esan, oso interesgarria izan zen. Lehen afari feminista honetarako ere gai bera aukeratzea erabaki dugu, izan ere, badakigu herrigintzan emakumeak gabiltzala, baina gero oholtza gainean gizonak besterik ez ditugu ikusten musika egiten eta sortzen. Beraz, aukera hau baliatzea egokia zela iruditu zitzaigun, Deban ere baditugulako agian oholtza gainean lekua egiten ez zaien emakume musikari ederrak".
Ekintzari buruzko zenbait datu ere aurreratu dituzte. Besteak beste, zuzeneko musikaz gain, eztabaidarako tartea egongo dela azaldu dute. "Afalorduan, emakumeok eszena musikalean dugun paperaz ariko gara. Eta, ostean, herriko emakume desberdinekin musika saio bat egingo dugu". Afalosteko saioa, gainera, mikrofono irekia formatuan egingo dutela zehaztu dute. Hau da, nahi duen guztiak mikrofonoa hartu eta kantuan aritzeko aukera izango du. "Horren guztiaren asmoa da orain arte hain maskulinoa izan den oholtza eskaintzea eta leku seguru bat ematea. Hau da, askotan mugatuta izan den jendaurreko espazio hau emakumeei ere zabaldu nahi diegu. Lotsak alde batera utzita, eroso sentitzea eta ondo pasatzea da helburua. Aukera honekin, gainera, Debako emakume musikarien arteko saretzea ere bultzatu nahi dugu".
Afari feministan parte hartu nahi izanez gero, aurrez izena ematea komeni dela esan dute antolatzaileek. Interesa duten guztiek honako formularioan sartuta izena eman dezakete; otsailaren 20a da horretarako azken eguna. "Ideiekin edo gabe, iritziekin edo gabe, parte hartzeko gogoz edota entzuteko gogoz dagoen edonor gonbidatuta dago. Etorri gurekin afaltzera!". Borondatearen truke menu beganoa (entsalada, barazki hostopila eta sorbetea) dastatzeko aukera egongo da, baina nahi duenak etxetik ekarritakoa jateko aukera ere izango du; aukera bat edo bestea izena emateko formularioan zehaztu beharko da.
Bi hilean behin
Antolatzaileek agertu dutenez, estreinakoz antolatu duten ekintzak jarraipena izango du; bi hilabetean behin egiteko asmoa daukate. "Hurrengo saioetan bestelako gai batzuk landu nahi genituzke, baina horiek erabakitzeke daude oraindik. Otsailaren 23ko saioan jendearen iritziak jaso nahi ditugu, eta horren arabera erabakiko dugu hurrengo hitzorduan zer landu".
Gaineratu dutenez, halako ekintzekin herriko emakumeen saretzea sustatzen jarraitu nahi dute. "Proposamenaren ideia azaroaren 30eko greba feministan sortu zen. Bertan argi ikusi genuen herriko emakumeok soilik okasio berezietan, dela azaroaren 30eko greba feministan, dela martxoaren 8aren bueltako ekintzetan... elkartzen ginela. Hala ere, igartzen genuen jendeak bazuela gehiagotan elkartu eta gai ezberdinak jorratzeko gogoa. Eta, hain zuzen ere, horrexegatik bururatu zitzaigun afari hauek antolatzea; elkartzeko formatu egokiena zela iruditu zitzaigun".