Ostegun goizean hainbat musikarik eskainitako dianarekin batera eman zioten hasiera jaiari eta ostiral (otsailak 9) mehe arratsaldeko osagai nagusia ere musika izan zen. Deba Musikaleko ikasleak eta irakasleak, besteak beste, kalejiran atera ziren eta, Zuhatza-Kolore Anitzekoen eskutik, karaokean abesteko eta dantzatzeko aukera egon zen udaletxeko arkupeetan.
Larunbatean (otsailak 10) ere jai giro bikaina izan zen nagusi. Kaleetan zebiltzanek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera eduki zuten, baina horietan jendetsuena eta koloretsuena Agirre plazatik hasita egin zen mozorro desfilea izan zen. Kalejiran parte hartu zutenak asko landutako zein azken unean prestatutako mozorroak soinean zituztela atera ziren kalera, eta zenbaitek xehetasunik falta ez zuten karrozak ere eraman zituzten eurekin batera.
Beste behin ere, handia izan zen herriko kaleak hartu zituzten pertsonaien aniztasuna. Ohiko mozorro klasikoen aldeko apustua egin zuten batzuek, baina beste batzuek gogotik pentsatu eta landu zituzten mozorro bitxi eta originalagoak ere: besteren artean, artzain txapelketa bat edo hegazkin konpainia oso bat irudikatu zuten kuadrilla osoak irten ziren kalera. Horiekin batera, San Roke jaietako tonbolan aritzen diren Caritaseko boluntarioak eta herriko kale izendegia gorpuztu zuten kuadrillak ere ikusi ahal izan ziren. Festa antolatu zuenik ere izan zen: kuadrilla batek, esaterako, gaita soinu eta olagarro eta guzti festa galiziar bat irudikatu zuen. Aldarrikapenerako tarterik ere ez zen falta izan. Helduz jantzitako kuadrilla batek, esaterako, pentsio duinen aldeko aldarria atera zuen kalera.
Kalejiran parte hartu zuten guztiek Foruen Plazan bat egin ondoren, plaza erdian ipinita zegoen agertokira igo behar izan zuten euren mozorroak erakustera. Euria egiteko mehatxua zegoen goiz-goizetik, eta azkenean iragarpena bete eta euria hasi zuenean, plazako estalpean jarraitu behar izan zuen ikuskizunak. Dena den, handik gutxira atertu zuen, eta berriro plaza erdiko oholtzan jarraitu zuen ikuskizunak.
Arratsalde-iluntze partean hitzordu gehiago ere izan zen. Horietan bereziena mozorro desfileko irabazleen sari banaketa izan zen. Bost sari banatu zituzten guztira:
- Lehen kategoria (16 urtetik beherakoa)
- Epaimahaiaren saria, banakakoa: Elliot eta E.T.
- Epaimahaiaren saria, taldekakoa: Santa Katalina basoko Edurnezuri eta ipotxak.
- Bigarren kategoria (16 urtetik gorakoena)
- Epaimahaiaren saria, banakakoa: Robot.
- Epaimahaiaren saria, taldekakoa: Grease.
- Herritarren saria, taldekakoa: Tarin Airlines.
Bihar (otsailak 20) jarraituko du festak Deban. Festarako gogoz jarraitzen duten herritarrek Gaztelekuaren eskutik egingo den Talent Showa ikusteko aukera izango dute Aldats pilotalekuan.