Igandean (otsailak 11) Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna da eta, egun horrekin bat eginez, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoa abiarazi dute Debako Udalak eta Elhuyarrek elkarlanean.
Emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutaraztea da ekimenaren helburua eta, hori lortze bidean, establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskaintzen dio erakusleihoa egunotan. Antolatzaileen esanetan, "zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarri dituzte dendetan, eta haren ikerketan inspiratuta apaindu dute dendako erakusleihoa. Hala, beraz, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten".
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela lau urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Eta iaz bezala, aurten ere, Debaz gain, beste hainbat herri ere batu dira ekimenera. Guztira, Euskal Herri osoko 12 herritan daude ekimenarekin bat egin duten 300 saltokiak, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarautzen, hain zuzen.
Hamabi emakumezko zientzialari omenduak
Egitasmoak hamabi emakume zientzialari omenduko ditu aurten (iaz omenduen artean egon zen Debako Maddi Astigarraga Bergara ingeniari biomedikoa eta ilustratzaile zientifikoa). Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Hona hemen omenduen zerrenda:
- Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa.
- Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria.
- Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa.
- Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
- Ana Teresa Diego (Bahia Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
- Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
- Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
- Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
- Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
- Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
- Gro Harlem Brundland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
- Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.