Inauterien bueltan Deban antolatutako ekintzei bihar, otsailak 9, ekingo zaie ofizialki, baina Musika Eskolako ikasleek kolorea eman diote gaurko egunari ere; mozorroak soinean, inauteriak iragartzeko emanaldia egin dute goizean goiz udaletxeko arkupeetan.
Joan den asteburuan herriko kaleak alaitzen aritu ziren Kaldereroei lekukoa hartuta, bihar arratsaldean emango zaio hasiera udalak iragarritako egitarauari. Bi ekintza izango dira aukeran, biak ala biak musika ardatz hartuta. Batetik, 17:00etan, Deba Musikaleko ikasleek eta irakasleek kalejira egingo dute kalez kale; bestetik, 18:30etik aurrera, Zuhatza-Kolore Anitzek Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako umeentzat antolatutako karaokea izango da udaletxeko arkupeetan.
Mozorro festa nagusia larunbatean, otsailaren 10ean, ospatuko da herrian, beti bezala. Goizean goiz hasita, iluntzera artean egongo da, bai, zer ikusi, zer gozatu: txistularien kalejira, mozorro desfilea eta lehiaketako sari banaketa, umeentzako antzerkia, Ñozz Elektrotxaranga...
Aurtengo egitaraua asteartean amaituko da, Gaztelekuak antolatutako Talent Showarekin.
Hauxe da udalak zabaldutako egitaraua:
Otsailak 9, ostirala:
- 17:00: Deba Musikaleko ikasleen eta irakasleen kalejira.
- 18:30: Karaokea, Zuhatza-Kolore Anitzen eskutik, udaletxeko arkupeetan.
Otsailak 10, larunbata:
- 10:00: Txistularien kalejira.
- 12:30: Desfilea Agirre jauregitik hasita, Debako Musika Bandarekin batera.
- 17:30: Umeentzako antzerkia: Chef Nature, Plaza Zaharrean.
- 19:30: Ñozz Elektrotxaranga.
- 20:00: Mozorro lehiaketako sari banaketa, Foruen Plazan.
- 20:30: Ñozz Elektrotxaranga.
*Mozorro lehiaketaren oinarriak hemen ikusgai.
Otsailak 13, asteartea:
- 17:00: Talent Showa, Gaztelekuak antolatuta, Aldats pilotalekuan.