Julen Urainek ingeniaritza elektronikoko gradua ikasi zuen Bilbon, eta gero Bartzelonara joan zen robotika masterra egitera. Hura amaitzean, Eibarko Teknikerren ibili zen urte-betez ikertzaile, baina jakin-minak gidatuta, Tekniker laga eta Frankfurtetik gertu dagoen Darmstadt hirira abiatu zen doktoretza egitera, robotikaren eta adimen artifizialaren arloetan. Horretan jardun du buru-belarri azken urteotan, eta egindako lana aitortu diote unibertsitatean; tesiarekin notarik altuena lortu du.
Noiz aurkeztu duzu tesia? Ekitaldi bereziren bat izan duzue?
Bai. Abenduaren 18an aurkeztu nuen, Darmstadteko unibertsitatean, bizi naizen hirian. Hasteko, 30 minutuan nire lana aurkeztu behar izan nuen, robotikan eta adimen artifizialean adituak diren unibertsitateko lau irakasleen aurrean, eta, ondoren, ordu batez, tesiaren inguruko galderak egin zizkidaten. Unibertsitateko lankideak eta familia ere izan ziren bertan, eta polita izan zen guztiok batera ospatzea.
Zer aztertu duzu urteotan eta zeintzuk dira zure lanean jasotako ondorio aipagarrienak?
Jatorrizko izenburua euskarara itzulita, Mugimenduak planifikatzeko eta kontrolatzeko eredu sortzaile sakonak bezalako zerbait izango litzateke. Doktoretzaren ideia nagusia algoritmoak diseinatzea da; algoritmo horiek robotaren mugimendua definitzen dute, arazo ezberdinen aurrean zer egin behar duen ikasteko eta, horrela, egoera bakoitzean bere eginkizuna bete dezan. Zehazki, helburua da robotaren mugimendua zuzenean programatu ordez, mugimenduak adimen artifizialaren bitartez ikastea, arazoak nola konpondu ditzakeen jakiteko adibideak aztertuz. Mugimenduak planifikatzeko, eredu sortzaileak nola egokitu ditzakegun erakutsi diot robotari. Eta hori da, agian, ondoriorik aipagarriena. Dena den, ez naiz bakarrik aritu. Ikerketan, ikertzaile bakoitzak gauza txikitxo bat egiten dugu eta guztion ekarpenarekin lortu dugu hori guztia.
Zer ekarpen egin ditzake zure tesiak ikerketa munduan? Eta gizartean oro har?
Nire ustez, etorkizuna da. Behar beste datu izanez gero, robotak edozein jokabide ikas dezakeela frogatzen du nire ikerketak, beste hainbat ikerketak egin duten moduan. Hori kontuan izanda, norbaitek robotari janaria prestatzen irakasten badio, robotak janaria prestatzen jakingo du. Norbaitek ohea nola egin erakusten baldin badio, ohea egingo du. Nire ustez, robotikak, adimen artifizialarekin batera, guztiz aldatuko du gure gizartea datozen urteotan.
“Behar beste datu izanez gero, robotak edozein jokabide ikas dezakeela frogatzen du nire ikerketak, beste hainbat ikerketak egin duten moduan”
Harritu zaituen zerbait aurkitu al duzu tesia prestatzen? Ikaspen prozesua izan al da zuretzat ere?
Bai, guztiz, ikaspen handia izan da. Pila bat ikasi dut prozesuan. Azken batean, hori zen nire helburua. Ikasteko gogoak bultzatu ninduen doktoretza egitera.
Azalduko zeniguke, mesedez, zure metodologia? Zenbat denbora eman duzu tesia prestatzen?
Metodologia bera erabiltzen dut edozein ikerketa egiterakoan. Hasteko, oso ondo zehaztu behar da zein den ikertu nahi dudan gaia: nola egin modelo azkarrago bat, nola ikasi datuetatik... edozer izan daiteke. Ondoren, arazo nagusia zein den hauteman behar da, beste iturri batzuk kontsultatuta. Behin arazo hori detektatuta, hura konpondu dezaketen irtenbideak topatzen saiatzea izaten da hurrengo pausoa. Eta, amaieran, soluzioa programatu eta testatu egin behar da, ondo dabilela egiaztatzeko. Lan handia da, bai. Tesia idazten ez nuen hainbeste denbora pasa, hilabete bat agian, baina ikerketan ordu asko eta asko sartu nituen eta guztira bost urte eman ditut doktoretza egiten.
Zientzia arloan (eta ikerketa munduan) ohikoa izaten da Euskal Herria atzean laga eta atzerrira joatea. Zein da, zure ustez, arrazoia? Edo non dago ezberdintasuna?
Nire kasuan, robotikan eminentzia bat zen irakasle batekin ikasi nahi nuen, eta Alemanian zegoen. Azken finean, zure esparruan miresten dituzun irakasleekin eta taldeekin lan egin nahi duzu. Ziur nago jende asko Euskal Herrira datorrela, bertan daudelako bere arloan oso onak diren irakasleak. Robotikaren kasuan, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak eta Txina dira indartsuenak.
Doktore-tesia aurkeztu berritan, zer asmo duzu aurrera begira? Darmstadten jarraituko duzu?
Bertan nago oraindik. Emaztea ere hemen dago doktoretza egiten eta, oraingoz, hark tesia bukatu arte, postdoktore moduan nabil leku berean lanean. Aurrera begira, ba ez dakit... Batzuetan lasaitasuna nahi dut, eta Debara bueltan joatea; eta, beste batzuetan, AEBetara edo beste nonbaitera joateko eta abenturak bizitzeko gogoz izaten naiz... joango gara ikusten.