Zabalik dago 'Deba 100 hitzetan' literatur lehiaketan parte hartzeko epea

Berriketan 2024ko ots. 6a, 10:30

Cardenas Fundazioak eta Debako Udalak antolatutako literatur lehiaketaren zortzigarren edizioa da honakoa. Lanak paperean edo formatu digitalean aurkeztu behar dira, martxoaren 10a baino lehen (14:00), turismo bulegoan. 

Beste behin ere, bi modalitate egongo dira sariketan (euskarazkoa eta gaztelaniazkoa), eta edonork hark dezake parte bertan. Lanek ez dute 100 hitz baino gehiago izan behar, izenburua alde batera utzita, eta gai nagusiak Deba izan behar du aurten ere. Antolatzaileen esanetan, hain justu, kontakizunei esker "Debari buruz duten pertzepzioa" islatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Sei sari banatuko dituzte guztira: lehen saria 300 eurokoa izango da, bigarrena 200 eurokoa eta 150 euro emango dizkiote saririk gabeko herriko lan onenari (sari bana modalitate bakoitzean). Debako Kultura zinegotziak izendatuko du epaimahaia, eta erabakia behin betikoa izango dela ohartarazi dute.

Lanak aurkezteko epea martxoaren 10ean amaituko da, 14:00etan (turismo bulegoan). Parte hartzaileek paperean edo formatu digitalean aurkeztu ahal izango dituzte idazlanak, izengai batekin, itxitako gutun-azal batean. Horren barruan, lanarekin batera, gutun-azal txikiago bat sartu beharko dute, parte hartzailearen datu pertsonalak zehaztuz: izen-abizenak, adina, telefonoa eta helbidea, baita posta elektronikoa ere. 

Lehiaketaren oinarri guztiak eta bestelako informazioa www.deba.eus-en.