Agirre jauregi pareko plazatik abiatuta, trapu zaharrez mozorrotutako dozenaka haur, gaztetxo eta helduk parte hartu zuten Kaldereroen kalejiran; zartaginak eskuetan, Hungariako zingaroak alde zaharreko kaleak alaitzen aritu ziren, musika bandaren doinuek lagunduta. Urteroko hitzorduarekin bat eginda, gainera, festaren protagonista nagusi bihurtu diren pertsonaiek ere parte hartu zuten kalejiran. Erregina, esaterako, desfilea ixten zihoan karroza gainean ibili zen kalean zeuden guztiak agurtzen eta hezitzaileari lotuta atera zen hartza, berriz, inguruko guztiak beldurtzen aritu zen.
Iragarrita zegoen bezala, hiru geldialdi egin zituzten. Berasaluze Plazan eta Plaza Zaharrean egindako lehen bi geldialdietan, gaurkotasunari buruzko umorezko pregoia irakurri zuten pregoilariek. Aurtengoan, kulturari egin zioten keinua. Besteak beste, Kultur Elkarteak iaz antolatutako ekintzarik garrantzitsuenak, Berriketan herri aldizkariaren 25. urteurrena edota hainbat urtez kultur teknikaria izan denaren erretiroa izan zituzten hizpide. Ondoren, kaldereroen ohiko abestiak eta erritmoz beteriko dantzak izan ziren nagusi.
Hirugarren eta azken geldialdia, berriz, Foruen Plazan egin zuten. Han, sua piztuta kanpaldia egiten zeuden beste hainbat kide zituzten zain eta, azken pregoia irakurri ondoren, kaldereroen beste zenbait pieza abestu eta dantzatu zituzten. Ohitura den bezala, hartzaren heriotza eta berpiztea ospatuz amaitu zuten ekitaldia.