Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agindua argitaratu eta berehala geratu da bertan behera EAEko osasun zentroetan maskara erabiltzeko derrigortasuna. Osasun Sailetik emandako informazioaren arabera, “urteko laugarren astean Arnas Infekzio Akutuen tasa berriro jaisteak Osasun Sailari aukera ematen dio bertan behera uzteko Osasun Ministerioak bere kabuz ezarritako derrigortasuna”.
Hilaren 10ean erabaki zuen Espainiako Osasun Ministerioak berriz ere osasun etxeetan eta ospitaleetan maskararen erabilera derrigortzea, ondorengoa zehaztuta: erkidego batean bi astez jarraian intzidentziak behera eginez gero, derrigortasuna bertan behera uzteko baimena dute tokiko gobernuek. Hain zuzen, behera egin du biriketako gaixotasun infekziosoen intzidentzia tasak eta horregatik indargabetu dute araua.
Helarazitako datuen arabera, Arnas Infekzio Akutuaren tasa Lehen Mailako Arretako sarean 100.000 biztanleko 516,3 kasukoa izan da (aurreko astean 562,9 kasukoa izan zen). Adin-tarteen arabera, eta aurreko astearekin alderatuta, tasek behera egin dute 15 urtetik gorakoen kasuan, eta gora egin gainerako kasuetan. Izatez, 0 eta 4 urte arteko taldeak izan du tasarik handiena, 100.000 biztanleko 2.214,7 kasu.
Gaineratutakoaren arabera, Osakidetzako ospitale-sarean Arnas Infekzio Akutu larrien tasak behera egin du, aurreko asteko 100.000 biztanleko 21,1 kasutik azken aste honetako 100.000 biztanleko 15,9 kasura. Esan dutenez, aurreko asteko tasen aldean izan den jaitsiera adin-tarte guztietan gertatu da eta oraindik ere 64 urtetik gorako pertsonek dute tasarik handiena.
Bestalde, ospitaleratzeetan gripe kasu positiboen ehunekoak berriro ere behera egin duela azaldu dute, %25,9tik %23,1era, eta COVID-19aren kasuek ere behera egin dute, %11tik %7,7ra. Gauza bera gertatzen da Arnas Birus Sinzitalarekin, aste honetan %8,2koa da, eta joan den astean %9,5ekoa izan zen.