ELKARRIZKETA

Idoia Nogales: "Urtez urte lasterketetan parte hartzeko osasuna izatea da lor daitekeen txapelik onena”

Berriketan 2024ko ots. 5a, 11:42

Hezkuntza Saileko Haurreskolak Partzuergoko Ekonomia Zerbitzuko arduraduna da lanbidez, baina ahal duen guztietan zapatilak jantzi eta korrika egitera irteten da Idoia Nogales Alberdi (Deba, 1983). 38 urte ingururekin murgildu zen lasterketen munduan, baina hori ez da oztopo izan bi urte pasatxoan korrikalari onenen artean nabarmentzeko.

Askok oso kirol sakrifikatua dela badiote ere, korrika egiteak "engantxatu" egiten duela aitortu du Nogalesek. "Kirol guztiek antzeko onurak izaten dituzte, baina niri korrika egiteak ematen didana ez dut beste kirolekin sentitu", azaldu du. Bereziki gustuko du lasterka "azkar" egitea eta, hortaz, distantzia motzeko probetan lehiatzen da batik bat. Iaz, adibidez, hogei lasterketa  korritu zituen eta, hirutan izan ezik, gainontzeko guztietan podiuma zapaltzea lortu zuen. Bere ibilbideaz eta beste hainbat kontuz galdezka joan zaio Berriketan.

Podiuma zapaltzen ikusi zaitugu behin baino gehiagotan 2023an... Noiztik zabiltza mundu honetan murgilduta? 
Kirola betidanik gustuko izan dut, baina korrika egiteko zaletasuna duela bi urte pasatxo piztu zitzaidan. Aurrez, Donostian bizi nintzenean, lagunekin korrika egitera irteten nintzen tarteka; lasterketek, ordea, ez zidaten inolako inbidiarik ematen.

Ez baita gauza bera kirola egitea edo lehiatzea, ezta? Nolatan hasi zinen, bada, lasterketetan parte hartzen?  
Lasterketetan parte hartzeko mila arrazoi egon daitezke eta guztiak dira txalotzekoak. Nire kasuan, adibidez, duela bi urte pasatxo, 2021eko irailean, Txingudiko lasterketan parte hartu nuen eta bertan lortutako emaitzarekin eta izandako sentsazio onekin harrituta geratu nintzen; harrezkero, entrenamenduak era planifikatuan egiteko erabakia hartu nuen eta, egia esan, pila bat gozatzen nabil.

Nolako probak gustatzen zaizkizu?  
Zazpi eta hamar kilometro bitarteko lasterketa laburretan aritzen naiz erosoen. Lasterketa motzetan lortzen da abiadura handiena eta, intentsitate handikoak diren arren, horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak.

"Hogei lasterketa korritu nituen iaz eta, hirutan izan ezik, gainontzekoetan podiumean sartzea lortu nuen"

Baduzu etorkizunean distantzia luzeko lasterketetan jarduteko asmorik?
Egia esan, errespetua diet distantzia luzeko lasterketei. Nire ustez, ezinbestekoa da distantzia ezberdinak pausoz pauso eta gertutik ezagutzen joatea. Etorkizun hurbil batean, distantzia laburreko lasterketetako sentsazioak distantzia ertainera eramatea gustatuko litzaidake, baina, oraingoz, ez dut maratoirik prestatzeko asmorik. Dena dela, batek daki!

Nola baloratzen duzu iazko denboraldia? 
Egia esan, emaitzak oso onak izan ziren, ez nuen halakorik espero. Hogei lasterketa korritu nituen iaz eta, hirutan izan ezik, gainontzekoetan podiumean sartzea lortu nuen; guztira, 11 garaipen eskuratu nituen. Hala ere, emaitzekin baino gehiago, bizitako esperientziarekin eta bidean egindako lagun guztiekin geratzen naiz. Korrika egiteak, egia esan, gauza on asko ekarri dizkit.

Eta non dago hainbeste lasterketa irabazteko sekretua? 
Hemen ez dago sekreturik. Ondo entrenatuz gero, emaitzak lehenago edo beranduago iristen dira. Tartean lesiorik ez dagoenean, konstantzia eta motibazioa dira bidelagunik onenak eta, zalantzarik gabe, gakoa eguneroko entrenamenduetan disfrutatzean datza.

Zein garaipen edo lorpenekin geratzen zara? Zein izan da bereziena zuretzat?
Bat aukeratzekotan, irailean egiten den Ondarru-Lekitto kostaldeko lasterketa aukeratuko nuke; desnibela eta distantzia kontuan izanik, erronka handia izan zen niretzat. Era berean, Azkoitiko herri krosean lortutako garaipena ere oso berezia izan zen. Eta, bestalde, garaipenik erdietsi ez nuen arren, zalantzarik gabe Bilbao Night Marathon-eko hamar kilometroko lasterketan egindako marka pertsonala eta bertan izan nituen sentsazioak nabarmenduko nituzke iazko lorpen ederren artean. 

Eta gogorrena?
Donostiako Maratoi Erdia, zalantzarik gabe. Lasterketa erdian, bat-batean, kalanbreak izan nituen eta, egia esan, helmugara iristea ez zen batere samurra izan; bizpahiru aldiz erretiratzekotan ere egon nintzen, baina tira, azkenean, helmugara iritsi nintzen, eta ez da gutxi! Eguraldiak ere ez zuen askorik lagundu egun hartan eta giharrei dagokienean asko sufritu nuen lasterketan. Dena den, azkenean oso marka ona egin nuen: 1.29.58.

Norgehiagoka edo proba bat aukeratzekotan, zein gomendatuko zenuke? 
Lasterketen munduan hasiberria den bati herri krosak probatzeko esango nioke; Zumaiako Herri Krosa, esaterako. Lasterketa horretan bi distantzia daude aukeran (bost kilometrokoa eta hamarrekoa) eta, etxetik gertu dagoenez, plan polita egiteko aukera paregabea dela iruditzen zait. Lasterketa homologatu batean marka zehatz bat lortu nahi duen korrikalari bati, aldiz, Bilbao Night Marathon-eko hamar kilometroko lasterketa edo Donostiako Maratoi Erdia gomendatuko nizkioke; biak ala biak desnibel gutxikoak dira.

Lehia maila horri eusteko, zenbat eta nola entrenatzen zara? 
Egin nahi ditudan lasterketen egutegia oinarri hartuta, entrenatzaile batek asteko entrenamenduen plangintza bidaltzen dit. Nik, gero, egindako entrenamendu guztien berri ematen diot eta, informazio horrekin, ondorengo plangintzak egokitzen ditu. Orokorrean, astean hiruzpalau korrika saio egiten ditut (serieak, progresiboak, erritmo aldaketak edota jardute lasaiak) eta, horrekin batera, indarra lantzeko beste saio bat eta mugikortasun eta pliometria saio bat ere egiten ditut. Hori bai, astean, gutxienez, atseden hartzeko egun bat izaten dut. Udaran, gainera, plangintza hori albo batera uzten dugu hilabetez; atsedenaldia, batez ere, mendian gozatzeko baliatzen dut eta, tarteka, korrika saio lasaiak ere egiten ditut.

Lasterketa aurreko egunetan, ezberdinak izaten al dira entrenamenduak?
Lasterketa asteak guztiz ezberdinak izaten dira; batetik, indar entrenamendua kentzen dugu, eta, bestetik, korrika saioen intentsitatea eta kopurua ere jaitsi egiten da. Aste horretan, serie motzak, mugikortasun saioak eta atsedena izaten dira nagusi. Korrika egiten hasi nintzenetik, gainera, pisua ez galtzeko nutrizionista batekin dihardut eta, ohiko entrenamenduei egokitutako nutrizio plangintzaz gain, lasterketa aurreko egunetarako plangintza zehatzagoa ere bidaltzen dit.

"Gu ez gara kiroletik bizi eta oso ondo dago lasterketak prestatzea, erronkak izatea, markak hobetzen saiatzea... Baina ezin dugu ahaztu zertarako egiten dugun korrika; gozatzeko, alegia"

Entrenatzeko orduan, materiala ere garrantzitsua izango da, ezta?
Korrika egiteko material garrantzitsuena zapatilak eta galtzerdiak direla esango nuke. Lasterketetan, adibidez, karbonozko plaka duten zapatilak erabiltzen ditut. Oso erosoak dira eta, batez ere, oso lagungarriak hankak hurrengo egunean muskularki ondo izateko. Zapatilekin egindako kilometro kopurua ere kontuan hartzea komeni da; bestela, lesioak izateko arriskua handitu egiten da. Bestalde, erlojuen gaia beste mundu bat da, baina, taupadak kontrolatzeko orduan, erloju sinple bat nahikoa dela esango nuke. Aipatutako materialaz gain, urtero esfortzu probak egiteak duen garrantzia ere azpimarratu nahiko nuke.

Hasi berri dugu 2024. urtea. Zer erronka jarri dizkiozu zeure buruari?
Aurtengo erronketako bat distantzia laburreko lasterketekin jarraitzea izango da. Iaz, adibidez, hamar kilometroko distantzia homologatuan 40 minututik jaistea nuen helburu eta, 38.40ko denbora eginda, bete nuen ezarritako helburua. Aurten, berriz, iazko marka zertxobait hobetzen saiatuko naiz. Baina 2024ko helburu nagusia maratoi erdiko distantzia ondo prestatzea izango da. Aurten, beharbada, zaila izango da, baina gustatuko litzaidake egunen batean maratoi erdi bat 01.25.00eko denboran egitea.

Urteko egutegi zehatz bat antolatzen duten horietakoa al zara? Baduzu gorriz azpimarratutako hitzorduren bat? 
Egutegi itxirik ez dut oraingoz. Hala ere, lasterketa batzuetan egoten saiatzen naiz beti, izan ere, antolakuntza aldetik eta giroagatik zoragarriak iruditzen zaizkit. Horien artean daude Torre Auzokoa, Ondarru-Lekitto, Berrobikoa, Azkoitikoa, Markina-Xemeingoa, Zumaiakoa eta, nola ez, Debako Manuel Mateos Memoriala ere. Maratoi erdiei dagokienean, pare bat aukeratu beharko ditut. Ea aurten Donostiako Maratoi Erdian iazko arantzatxoa kendu eta helmugara indartsu iristeko aukerarik dudan.

Zein lasterketatan gustatuko litzaizuke txapela janztea?
Urtez urte lasterketetan parte hartzeko osasuna izatea da lor daitekeen txapelik onena. Baina, bat aukeratzekotan, noizbait herriko Manuel Mateos Memorialean garaipena lortzea oso polita izango litzateke. Hiru aldiz parte hartu dut memorialean eta guztietan bigarren postuan sailkatu naiz.

Amaitzeko, Idoia, zer aholku emango zenioke lasterketen munduan hasi nahi duen bati?
Nik lasterketen munduan orain arte egin dudan ibilbidea laburra da, baina, hala ere, bat nator eskarmentu handiko korrikalariek diotenarekin: hau da, disfrutatzea da gakoa. Gu ez gara kiroletik bizi eta oso ondo dago lasterketak prestatzea, erronkak izatea, markak hobetzen saiatzea... Baina ezin dugu ahaztu zertarako egiten dugun korrika; gozatzeko, alegia.