Inauteriak iragarri eta garai bateko Hungariako zingaroen etorrera gogora ekartzera datoz beste urte batez Kaldereroak Debara; ekintza prestatzeko bi entsegu ireki egin ondoren, larunbat (otsailak 3) iluntzean hartuko dituzte herriko kaleak. Mozorrotuta eta zartaginak eskuetan hartuta, Agirre jauregiko plazan batzeko deia egin diete herritarrei; 19:00etan jarri dute hitzordua, baina ordu erdi beranduago (19:30ean) abiatuko da jai giroko kalejira.
Ohi bezala, hiru geldiune egingo dituzte; zingaroen karroak eta hartza lagun, umorez beteriko pregoiak, kaldereroen ohiko abestiak eta erritmoz beteriko dantzak izango dira nagusi. Lehenengo bi geldiuneak Berasaluze plazan eta Plaza Zaharrean izango dira (pregoia, abestiak eta dantzak eskainiko dituzte), hurrenez hurren, eta hirugarrena, berriz, Foruen Plazan (bertan egingo da emanaldi nagusia).