Harrera ona izan du aurten ere bidezko merkataritza bultzatzeko dendak

Berriketan 2024ko urt. 31a, 11:49

Kooperazio Taldeko kideek zehaztu dutenez, dendako salmentekin lortutako dirua tokian tokiko erakundeekin batera gauzatzen ari diren bi proiektu bultzatzeko baliatuko dute.

Urtero Eguberrietan zabaltzen den elkartasun dendako boluntarioek nabarmendu dutenez, aurten ere harrera ona izan du Ostolaza eta Portu kaleen artean irekita egon den dendak. Kooperazio Taldeko kideak "pozik" agertu dira balorazioa egiteko garaian. "Salmentei eustea lortu dugu eta, are gehiago, iaz baino zertxobait gehiago ere saldu dugu".

Esker oneko hitzak dituzte, hortaz, dendara hurbildu eta babesa eman dieten herritarrentzat. "Jende pila bat etorri da zerbait erostera eta eskerrak eman nahi dizkiegu hemendik pasa diren guzti-guztiei. Bildutako diru horri esker, posible izango da martxan ditugun zenbait proiektutara baliabide gehiago bideratzea".

Boluntarioek zehaztu dutenez, salmentekin lortu duten dirua tokian tokiko erakundeekin batera gauzatzen ari diren bi egitasmo bultzatzeko erabiliko dute. "Irabazien zati bat Ukrainara bidaliko dugu, Txernobylgo zentral nuklearraren hondamendiak kaltetutako eremuan dagoen Orane herriko eskolara, hain zuzen. Beste zatia, berriz, Maliko Togo eskualdeko Saint Paul eskolarako materiala erosteko izango da".