Pedro Hernandez bilbotarra nagusitu da Magic The Gathering rol karta-jokoaren txapelketan

Berriketan 2024ko urt. 30a, 10:46

17 jokalarik, tartean sei debarrek, parte hartu zuten igandean (urtarrilaren 28an) Kultur Elkartean egin zuten txapelketan. Lehenengo zortzi sailkatuek lortu zuten saria.

Azaroaren erdialdean jokatu zen, lehen aldiz, Magic The Gathering rol karta-jokoaren txapelketa Deban. Eta, deialdiak harrera ona izan zuela ikusita, bigarren txapelketa egin berri dute joan den asteburuan, Debako Magic Taldearen eta Kultur Elkartearen ekimenez.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, goizean hasi eta hainbat orduz luzatu zen jardunaldian 17 lagunek parte hartu zuten (tartean ziren Debako sei jokalari ere). Sariak parte hartzaile kopuruaren arabera banatu zituzten, proportzioan; hortaz, hamasei jokalari baino gehiago batu zirenez, lehen zortzi sailkatuen artean banatu zituzten jokoan zeuden sari guztiak.

Bilbora, Ondarroara eta Bergarara joan ziren sari guztiak. Hona hemen txapelketako sailkapena:

  1. Pedro Hernandez (Bilbo)
  2. Guillermo Martin (Ondarroa)
  3. Iker Gonzalez (Ondarroa)
  4. Iban Duran (Bergara)
  5. Jon Arrizabalaga (Ondarroa)
  6. Mario Alvarez (Bilbo)
  7. Aitor Zabala (Ondarroa)
  8. Gorka Fernandez (Bergara)