Casacampo Zain Dezagun Eguna ospatuko dute igandean

Berriketan 2024ko ots. 1a, 09:54

Ostiralean (otsailak 2) Hezeguneen Munduko Eguna da, eta egun horren harira egitasmo berezia antolatu du Debanatura Ingurumen Heziketa elkarteak.

Debanaturaren ekimenez, Casacampo Zain Dezagun Eguna egingo da igandean (otsailak 4), bertako hezeguneen garrantzia nabarmentzea eta horiek inguruan eragiten dituzten onurak ezagutzera emateko helburuarekin. Bertan parte hartu nahi dutenek hitzordua jarrita daukate: 11:00etan elkartuko dira Casacampon bertan.

Elkarteko kideek zehaztu dutenez, iganderako asmoa da Casacampon dauden hegaztiak, landareak... ezagutzera emateko ibilbide gidatu bat egitea. "Jarduerak irauten duen bitartean, besteak beste, ingurune horretan bizi diren hegaztiei buruzko informazioa emango dugu; batez ere, inguruotan ikus daitekeen hegaztirik deigarrienean, txirritxo txikian, jarri nahi dugu arreta. Padurako landare bereziak zeintzuk diren ere erakutsiko dugu eta, tartean, landare exotiko inbaditzaileak zeintzuk diren ere azalduko dugu".

Seo-BirdLifek kolaboratzen duen Ekin Berdea proiektuaren barruan antolatu dute igandeko jardunaldia, eta gaineratu dutenez, zaborra biltzeko eta hegazti txikiei laguntzeko habia kutxak ipintzeko ere baliatu nahi dute eguna.

Bi ordu iraungo dituen ekintza edonori dago zuzenduta, baina parte hartzeko asmoa dutenei aurrez izena ematea eskatu diete antolakuntzatik. Izan ere, igandean zuhaitzak landatzeko asmoa ere badute, eta egun horretarako beharrezkoa izango den kopurua erreserbatzeko eskatu dute aurrez izena ematea. Doako ekintzan parte hartzeko nahikoa da debanatura@hotmail.com helbide elektronikora idaztea edo 695 78 36 56 telefono zenbakira deitzea.