Zumardian egiten ari diren zuhaitz kimaketek aldi baterako aldaketak eragingo dituzte zirkulazioan

Berriketan 2024ko urt. 30a, 10:36

Lorezaintza zerbitzuko langileak zumardiko zuhaitzak kimatzen

Gaur (urtarrilak 30) eta bihar (urtarrilak 31) Zumardian egingo diren kimatze lanek, batez ere, Hondartza kaleko zirkulazioari eragingo diote.

Zuhaitzek hostoak erorita dituztela baliatuta, kimatze lanak egin izan ohi dituzte zenbait herritan. Deban, duela aste batzuk hasi ziren Debako Lorezaintza Zerbitzu langileak Zumardiko zuhaitzak kimatzen, bi urtean behin egiten duten ohiko mantentze lanen barruan. Lanek, orain arte, ez dute aparteko arazorik eragin; oinezkoen bide zatiren bat edo beste itxita egon da eta inguruetan aparkatuta zeuden ibilgailu batzuk lekuz aldatu behar izan dituzte zenbait orduz, baina egunotan, ordea, lanek zirkulazioan ere eragina izango dutela jakitera eman dute udal iturriek.

Ohartarazi dutenez, gaur (urtarrilak 30) eta bihar (urtarrilak 31) Hondartza kalearen zati bat partzialki itxita egongo da N-634 errepidearen ondoko zuhaitzak kimatzen dituzten bitartean segurtasuna bermatzeko. "Aldaketa hori koordinatuta egingo da eta Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako beharrezko baimenak ditu". Goizean, esaterako, eta ibilgailuak txandaka igarotzeko, semaforo bidez kontrolatzen aritu dira zirkulazioa. Hondartzarako sartu-irtena kontrolatzen, gainera, pertsona bat ere aritu da.

Debako udal iturriek azpimarratu dutenez, azken asteotan egiten ari diren mantentze lan horiek "funtsezkoak" dira "hiriko zuhaitzen zaintzarako eta osasunerako, baita oinezkoen eta gidarien segurtasunerako ere". Hori esatearekin batera, eskerrak eman dizkie herritarrei "erakutsitako ulermenagatik" eta, aldi berean, barkamena ere eskatu diete, "lanek sor dezaketen edozein eragozpenengatik".