Urtero bezala, aurten ere Madrilen egiten ari diren Fitur Nazioarteko Turismo Azokan parte hartzen ari dira Euskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunak. Haiekin batera, Geoparkea osatzen duten hiru herrietako ordezkariak (tartean Debakoak ere), eta Debegesa eta Urola Kostako Udal Elkarteko kideak ere izan ziren, esate baterako, inaugurazio ekitaldian.
Azoka hilaren 24tik 28ra bitartean izango da ikusgai eta, udalak jakinarazi bezala, Debako informazioa bi gunetan dago eskuragarri aurten: Eusko Jaurlaritzaren standean, euskal kostaldeko eta Debabarreneko beste herri batzuekin batera, eta geoparkeei eskainitako gunean.
Beste hainbat proposamenen artean, aurten HAB Historiaurreko Bailara ibilbidearen proiektua aurkeztu dute bertan. Alazne Txurruka alkateak egin zuen aurkezpena, Euskadi izeneko standean, Asier Hilario Euskal Kostaldeko Geoparkeko zuzendari zientifikoarekin eta Azahara Dominguez Turismo diputatuarekin batera.
Alkateak nabarmendu bezala, "HAB proiektuaren helburua ez da bakarrik historiaurrea museo bihurtzea, aro honekin lotutako gure ondare aberatsa irisgarri egitea eta baloratzea; kalitatezko ibilbide turistiko eta kultural bat sustatzea ere badu jomuga. Azken helburua da Debako garapen iraunkorra bultzatzea, historiaurreko erreferente bihurtuz; horrez gain, eta hedaduragatik, Gipuzkoako eta Euskadiko ondare arkeologikoa nazioarteko mapan kokatzea eta azpimarratzea ere bada nahia, Geoparkeari esker".
Historiaurreko Bailararen ibilbideari buruzko liburuxka bat ere argitaratu dute oraintsu; Fiturren banatzeaz gain, eskuragarri dago Debako turismo bulegoan ere. Berriketan-ek erreportaje honetan azaldu zituen proiektuaren xehetasunak, egitasmoa ezagutarazteko lehenbiziko bisita gidatu interpretatua egin ondorenean.
Turespañako standean eta Ekoturismo Klubaren aurkezpenaren baitan, Geoparkea Espainiako Ekoturismoaren VII. Kongresu Nazionala antolatzeko egoitza izango dela iragarri dute Fiturren; kongresua 2024ko urriaren 23tik 25era egingo da. Azaldu dutenez, "gogoz jaso den berria izan da, Geoparkea goi mailako beste hautagai batzuekin lehiatu behar izan baita" kongresuaren antolaketa hartzeko.