"Historiaurrearen ezagutzan eta interpretazioan erreferente bihurtu nahi dugu Deba bailara". Hitz horiekin aurkeztu zuten martxoan Euskal Kostaldeko Geoparkeko eta Debako Udaleko kideek HAB Historiaurreko Bailara proiektuaren ibilbidea.
Maiatzaren bukaeran egin da, dena den, "aire zabalean sortutako museoa" bertatik bertara ezagutzeko lehen irteera edo bisita gidatu interpretatua. Bertan izan ziren, besteak beste, Aranzadi Zientzia Elkarteko Xabier Peñalver arkeologoa, UPV/EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoa, eta Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoa, hitzordura batutako hamarnaka lagunen aurrean azalpenak ematen.
"Historiaurrearen ezagutzan eta interpretazioan erreferente bihurtu nahi dugu bailara"
Gaur-gaurkoz, hiru kilometro eta erdiko ibilbidea eskaintzen zaio bisitariari (ez da zirkularra). Norbere kabuz erraz egiteko moduko bidea da, nahiko laua ia bere osotasunean, eta irisgarria.
Debako portuaren inguruan kokatu dute ibilbidearen hasiera eta, Anes Arrinda pasealekutik abiatuta, zubi alderantz segi eta lau zati edo gune nagusitan banatuta dago ondorengo bidea: gizakia eta itsasoa (itsasadarra), gizakia eta estuarioa (Casa Campo), zubia (bizitza nomada), eta bailara (Sasiolako bidea).
Hondartzatik gertu hasi eta Sasiola ingururaino iristen da, hortaz, eskualdeko ondare arkeologikoa argitara emateko helburuz sortutako proiektuaren lehen fasearen emaitza.
Hainbat euskarri prestatu dituzte informazioa modu erakargarri eta ulergarrian eskaintze aldera, eta indar handia dute, oro har, irudiek: Jose Ignacio Treku sortzaile debarrak, esate baterako, ilustrazio ikusgarriak egin ditu propio ibilbidean ezarri diren panel eta interpretazio guneetarako (ibilbidearen hasieran ezarri dute haren artelanik handiena).
Inguru hauetan aurkitutako apaingarri, seinale eta pieza askotan oinarritutako erreplikak ere ikusgai daude erakusmahaietan, baita fosilen erreplikak ere.
Deba bailaran duela 200.000 eta 15.000 urte bitartean bizi ziren gizakiak, animaliak eta haien arteko harremanak nolakoak ziren ezagutarazi nahi dute HABen bitartez. Gure geografian izan diren klima-aldaketek utzitako arrastoak aztertuz, Paleolitoko gizakiaren bizi-baldintzen eta baliabideen berri eman nahi zaie herritarrei.
"Geologia, klima aldaketak, basoak eta gizakien sorkuntzak zein animalien arrastoak aztertuz, paisaiaren eraldaketaz, eta horrekin batera gizakiaren garapenaz jabetuko gara; itsasertza, ibaia, karst pinakularrak eta estuarioaren garrantzia zein den erakutsiz, eta, ondorioz, Debako paisaiari bere balioa emanez", azaldu dute proiektuaren arduradunek.
Azken urteotan, flyscharekin lotu izan da bereziki Euskal Kostaldeko Geoparkea. Baina "hori baino gehiago da", eta hori erakustera dator, hein handi batean, Historiaurreko Bailara proiektua.
"Kantauri isurialdeko aztarnategi kopururik handiena dago ingurune honetan eta Deba da erdigunea"
Barnealdeko geologiarekin lotuta, hain zuzen, bada beste "altxor" bat inguruotan: bereziki, Deba bailaran dauden kobazuloak eta aztarnategiak. Ermitia, Praileaitz, Langatxo, Iruroin... dira horren adibide. Asier Hilariok azaldu bezala, "Kantauri isurialdeko aztarnategi kopururik handiena dago ingurune honetan, hogei bat, eta Deba da erdigunea. Hortaz, datu asko ditugu aztertzeko. Eboluzioa irakurtzeko aukera ematen digu. Oso aukera ona da leku bakar batean historiaurrea ezagutzeko".
Proiektu oso baten lehen fasea
Hainbat urtetako elkarlanaren emaitza da zientzia, artea eta komunikazioa uztartzen dituen HAB proiektua eta erakunde ezberdinen babesa du. Besteak beste, Aranzadi elkarteko Xabier Peñalver arkeologoa, EHUko Jose Antonio Mujika arkeologoa eta Asier Gomez paleontologoa, Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoa, Gordailua eta Bizkaiko Arkeologi Museoa ere bidelagun izan dituzte, haien zuzendaritza zientifikoa eta aholkuak aintzat hartuta landu baita egitasmoa.
Dena den, proiektu oso baten lehen fasea baino ez da orain arte egin den esku-hartzea eta jarraipena ematea aurreikusten dute. Oraingoz, Sasiolako begiratokian amaitzen da ibilbidea, eta Praileaitz eta Ermitiako haitzuloak daude han inguruan, bata bestearengandik oso gertu; bada, Praileaitz ingurua museo bihurtu eta Ermitian bisita gidatuak egitea da asmoa.