Otsailaren 3an, beste behin ere, umorez beteriko pregoiak, kaldereroen ohiko abestiak eta erritmoz beteriko dantzak izango dira nagusi Deban. Eta guztia behar bezala prestatzeko, entseguak ere antolatu ditu ohitura zaharra berreskuratzeko ahaleginetan ari den taldeak.
Urtarrilaren 20an egin zuten lehenbiziko saioa eta bihar (urtarrilak 27) izango da hurrengoa, Musika Eskolako dantza gelan. 11:00etan hasita, kalejiran abestuko dituzten kantak eta dantzatuko dituzten koreografiak ikasteko aukera egongo da. Azaldu dutenez, "heldu zein haurrentzat irekiak" izango dira entseguak, baita kalejira bera ere. Interesa duten herritar guztiei desfilean parte hartzeko gonbita egin diete.