Aldatu egin da Interneten nabigatzeko modua. Azken urteotan gero eta gehiago dira albisteak gailu mugikorretatik kontsumitzen dituzten irakurleak eta, hori kontuan hartuta, herritarrek tablet eta sakelako telefonoetatik ere errazago nabigatzeko webgunea estreinatu du Berriketan-ek.
Goitik behera eraberritutako atariak lehengo helbide bera (berriketan.eus) mantentzen du, baina lehengoa baino bizkorragoa eta txukunagoa da, eta erabiltzeko errazagoa. CodeSyntax enpresa eibartarrak garatu du ataria.
Webgunean sartzeko ohitura duenak laster igarriko ditu albisteen aurkezpenean eta nabigazioan egin diren aldaketak. Besteak beste, herriko kirol taldeen emaitzak eta sailkapenak ikus daitezke orain, eta hondartzako zuzeneko irudiak ikusteko eta eguraldia (mareen taula barne) kontsultatzeko aukera ere badago. Aldi berean, bilaketak egin daitezke eta hemeroteka kontsultatu, baita albisteetan iruzkinak egin ere. Berriketan-ek lantzen dituen gaiez gain, eskualdeko eta Tokikomeko beste komunikabideek argitaratzen duten edukia ere eskura egongo da aurrerantzean.
Erreminta bera
Tokikom euskarazko toki komunikabideen sareak garatutako plataforma da ezarri dena. Hala, sare horretako 30 hedabidek baino gehiagok erabiltzen duten plataforma bera erabiliko du Debako agerkari digitalak ere.
Zehazki, Debabarreneko lau euskara elkartek, tartean Debako Zuhatzak, tokiko komunikabideak bailara mailan egituratzearen alde abenduan sinatutako hautu estrategikoaren ondorioz egindako jauzia da. "Berriketan-ek eskualdeko euskarazko hedabideekin elkarlanean garatzen diharduen prozesuaren fruitua da eta urrats garrantzitsua suposatuko du bailarako eta Euskal Herriko tokiko komunikabideekiko elkarlanean. Aurrerantzean, bailarako lau agerkari digitalek Tokikomek eskaintzen duen erreminta bera partekatuko dute. Inbertsioa bailarako udal guztien laguntzari esker finantzatu da eta helburua da komunikabideon Interneko jardunean pauso kualitatibo bat ematea".