Urriaren 7tik hona, 20.000 dira gutxienez Israelgo armadak eta kolonoek palestinarren aurkako erasoetan hildako palestinarrak, eta hildakoen “anonimotasun” hori salatzeko, Elkartasun Aktiboa izeneko ekimena jarri du martxan Gernika-Palestina herri ekimenak. Ekimen horren ardatzetako batekin bat eginda, bandera palestinarra “nonahi” jartzeko bistaratze kanpaina abiatuko dute palestinar herria jasaten ari den egoeraren aurrean sortutako Debako Gernika-Palestina Elkartasun Taldeak. Zehaztu dutenez, urtarrilak 27-28ko asteburuan hasiko dira martxan.
Ekimenaren asmoa da oihartzuna ematea “euskal jendartean dagoen elkartasun jarrerari” eta, horretarako, gutxienez Israelek Gazaren aurkako erasoaldian hildako adina jende erakarri nahi dute kanpainara; hala, Debako taldeko kideek kopuru hori gainditzera gonbidatu dituzte herritarrak. “Mingarria bezain iraingarria da kontzientzientzat sarraski honen aurrean erakundeek agertu duten utzikeria, eta iruditzen zaigu gizartearen gehiengoak ez duela Israel AEBtako eta Europako gobernuaren babesarekin eta konplizitatearekin egiten ari diren genozidioaren konplize isila izan nahi. Palestinako herriak gure gizartearen babesa, konpromiso pertsonala eta kolektiboa jasotzea nahi dugu”.
Debako Gernika-Palestina Elkartasun Taldea: “Gazan gaur egun bizitzen ari diren genozidioa hamarkadatan luzatu eta ugaldu den indarkeria-espiral horren agerpenik nabarmenena da”
Arrazoi horregatik, Palestinaren aldeko jarrera egunerokoan, kaleetan, lantokietan edota dendetan adieraztera animatu dituzte herritarrak. Azaldu dutenez, deialdiarekin bat egiten duten kartel eta banderak eramango dituzte herriko denda eta tabernetara. “Asmoa da kartel eta bandera horiek establezimenduetako ateetan edo erakusleihoetan jartzea, herritar guztien bistan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta bizitzen ari den genozidioa salatzeko”.
Gaineratu dutenez, datozen egunetan informazio mahai bat ere jarriko dute kalean. “Bertan, Palestinako bandera zenbait espaziotan jartzeko euskarriak eskuratu ahal izango dira borondatearen truke. Material hori norbere lantokian, etxeko leihoan, autoan eta abarretan jarri ahal izango da”. Aurreratu dutenez, larunbatean (urtarrilak 27) eta igandean (urtarrilak 28) jarriko dute lehen aldiz postua, 12:00etatik 14:00etara, Foruen Plazan.
Debako Gernika-Palestina Elkartasun taldeak Gazaren aurkako sarraskiari buruz plazaratutako datuak
“1948 baino lehen ere palestinar herria Israelek ezarritako okupazio, kolonialismo eta apartheid erregimenean bizi zen: giza eskubideen urraketa etengabea, estatu okupatzailearen eta bere segurtasun indarren errepresio sistematikoa, etengabeko eraso militarra eta baliabide ekonomikoen erabateko kontrola dira herri palestinarraren eguneroko ogia. Gazan gaur egun bizitzen ari diren genozidioa hamarkadatan luzatu eta ugaldu den indarkeria-espiral horren agerpenik nabarmenena da; zigorgabetasunari esker gertatzen ari den sarraski jasanezina, nazioarteak babestua”.
- 25.000 pertsona hil dira Israelen okupazioaren bonbardaketen ondorioz, horietatik % 80 emakumeak eta haurrak dira eta beste 7.000 pertsona desagertuta daude hondakinen azpian.
- Une honetan, 2.000.000 pertsona baino gehiago desplazatuta daude nahitaez, eta premiazko laguntza behar dute.
- Israelek nahita bonbardatzen ditu bizitegi-auzoak, eskolak, errefuxiatu-esparruak, ospitaleak eta anbulantziak. Gazako Zerrendan adingabeen heriotza, esaterako, 2019az geroztik munduko gatazka guztietan izandakoa baino handiagoa izan da azken hilabete honetan.
- Osasun Mundu Erakundearen arabera, Israelek 250 eraso egin ditu ospitaleen, kliniken edo anbulantzien aurka, bai Gazan, bai Zisjordanian. Osasun-sistemaren ia % 90 erabat geldirik eta zerbitzutik kanpo dago.