Magic The Gathering rol karta-jokoaren txapelketa antolatu dute bigarrenez

Berriketan 2024ko urt. 23a, 12:40

Magic karta-jokoaren txapelketa igandean (urtarrilak 28) izango da. 10:00etan hasiko da lehia, Kultur Elkarteko liburutegian.

Azaroaren 12an estreinakoz egin zen txapelketak izan zuen erantzun ona ikusita, Magic The Gathering karta jokoaren txapelketa berriz antolatzea erabaki dute Debako Magic Taldeko eta Kultur Elkarteko kideek. 10:00etan hasiko da magic magoen arteko karta bidezko bataila iruditzen duen lehia, eta antolatzaileek jakitera eman dutenez, pauper formatuan ariko dira jokalariak. “Edozein bildumatan kaleratutako karta arruntekin jokatu beharko da”.

Parte hartzaileei karta sortaren zerrenda idatziz jasota ekartzea eta aurrez izena ematea gomendatu diete antolatzaileek. “Plaza guztiak betetzen ez badira, egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera”. Interesa dutenek ondorengo estekan sartuta izena eman ahalko dute. Parte hartzeko 5 euro ordaindu beharko dira eta, aurreratu dutenez, ordainketa egunean bertan egingo da, txapelketa hasi aurretik.

Askotariko sariak izango dira jokoan. Lehen lau sailkatuek jasoko dituzte sariak, baina hamasei jokalari baino gehiago batzen badira, sariak lehen zortzirentzat izango direla azpimarratu dute. “Sariak izen-emate kopuruarekiko proportzioan banatuko dira”.