Eguraldi eguzkitsuak lagunduta, jende ugari animatu zen atzo (urtarrilak 21) lehiatu zuten Manuel Mateos memorialean parte hartzera. Antolakuntzak emandako datuen arabera, 106 korrikalarik izena eman zuten aurten ohikoa baino beranduago egin den proban eta, horietatik, 101 izan ziren helmugaraino iristea lortu zutenak.
Gizonezkoetan, txapela eskuratzeko lehia bizia egon zen, baina 29 minutuko eta 51 segundoko marka eginda, Durango Kirol Klubeko Aitor Mimenza elorriarra izan zen helmugan sartzen azkarrena. Bigarrena, helmugako marra handik bost segundora (29.56) igaro zuen Ander Garin alegiarra izan zen eta, hirugarrena, Joseba Olaetxea (30.23) tolosarra.
Emakumeetan, berriz, Atletico San Sebastian klubeko Elena Silvestre errenteriarra izan zen nagusi: 35 minutu eta 56 segundotan osatu zuen 10 kilometroko ibilbidea. Haren atzetik, eta iazko eta duela bi urteko postu bera errepikatuta, Idoia Nogales debarra (37.51) helmugaratu zen. Helene Alberdi zumaiarrak (39.03) osatu zuten podiuma.
Aurreneko sailkatuei ez ezik, azkarren helmugaratu ziren lehen herritarrei ere eman zien saria Deba Xtreme Kirol Taldeak. Sailkapen nagusiko 19. postuan helmugaratu zen Jon Indamendirentzat (35.35) eta 51. postua lortu zuen Leire Olazabalentzat (39.33) izan ziren sariak. “Emakumeetan, berez, Idoia Nogales izan zen herriko lehen sailkatua, baina bera bigarren sailkatu zenez sailkapen nagusian, saria hurrengo herritarrari ematea erabaki genuen, Nogales berarekin adostuta, noski!”.
Lasterketari buruzko balorazio ona egin du antolakuntzak. “Txapeldun ugari eta izen handiko korrikalari asko aritu dira aurten antolatu dugun proban. Dena ondo joan da. Lasterketa, berez, oso azkarra izan da, baina gure inguruan dauden korrikalaririk onenak izan ditugula ikusita, oso pozik gaude”. Gaineratu dutenez, giro ona izan zen nagusi lasterketan zein ondoren egin zen sari banaketa ekitaldian. Aldats pilotalekuan batu ziren parte hartzaile eta zaleek, gainera, Perez Rock taldearen doinuez gozatzeko aukera izan zuten bermut bat edo beste hartzen zuten bitartean.