Debako emakume “talde sendo eta batu bat” sortzeko helburuarekin, 34. Lilatoian parte hartzeko herri mailako taldea osatzeko nahia agertu dute aurten ere udalak eta Gaztelekuak. Beste urte batzuetan bezala, asko eta asko izango dira Donostiako kaleetatik barrena egingo den lasterketa ezagunean korrika egitera joango direnak eta, arrazoi horregatik, bertan parte hartu nahi duten herriko emakumeei Gaztelekuko taldearen izenean korrika egiteko gonbidapena luzatu die udalak.
Jakitera eman dutenez, zabalik dago herriko taldearen izenean parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea. Interesa dutenek debakogaztelekua2@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete, ondorengo datuak zehaztuta: izen-abizenak, jaioteguna, NAN zenbakia, posta elektronikoaren helbidea eta telefono zenbakia. Mezuan, gainera, nahi den kamiseta mota (estua edo zuzena) eta neurria ere adierazi beharko dira.
17 urtetik gorako emakumeen kasuan, 14 euroko prezioa dauka lasterketan korrika egiteko eskubideak eta kamisetak. 17 urtetik beherakoek, berriz, 10 euro ordainduko dute. Gizarte laguntzetako bat jasotzen duten familiek, bestalde, “deskontu esanguratsua” izango dute izena ematerako orduan: “kostuaren % 20 ordaindu beharko dute, hau da, 2 euro”. Donostiarako joan-etorria, berriz, garraio publikoan egingo dutela adierazi dute antolatzaileek.