Gidari izateko trebakuntza ikastaroa antolatu du Geoparkeak

Berriketan 2024ko urt. 19a, 09:32

Saio teorikoak eta praktikoak izango ditu jarduerak. (EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA)

Ikastaroa doakoa izango da, eta jardunean dauden gidarientzat edo Geoparkean gidari lanak egin nahi dituztenentzat irekia. Otsailaren 13an, 27an, 29an eta martxoaren 1ean izango da.

Geoparkeak gidari izateko trebakuntza ikastaroa antolatu du otsailerako eta martxo hasierarako. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko oinarrizko ezagutza jorratzea eta bertako ondare naturala eta kulturala ezagutaraztea” da saioen helburua.

Geoparkean gidari lanetan ari direnei edo etorkizunean gidari lanetan jarduteko interesa duten pertsonei dago zuzenduta ikastaroa. Jarduerak alde teorikoa eta praktikoa izango ditu. “Alde teorikoan, parte hartzaileek Geoparkearen balio nagusiei buruzko kontzeptu teorikoak ezagutu eta aztertuko dituzte, funtzionamendua eta Geoparkeen Munduko Sarea, hain zuzen ere. Saio praktikoetan, berriz, ikasleek Geoparkeko hainbat bisita gidatu egiteko aukera izango dute, ibilbide bakoitzaren interpretazio-diskurtsoa eta egitura lantzeko asmoz”.

Datak eta ordutegia

Prestakuntza teorikoa otsailaren 13an izango da, 16:00etatik 19:00etara Zumaiako Algorri Zentroan (Juan Belmonte kalea, 21).

Irteera praktikoak, berriz, otsailaren 27an eta 29an, eta martxoaren 1ean egingo dira, 10:00etatik 19:00etara. 

  • Flyscha, Zumaiako sekzioa
  • HAB, Historiaurreko Bailara, Deban
  • Flysch beltza eta Nautilus zentroa, Mutrikun
Izen-ematea

Ikastaroak plaza mugatuak ditu, 25 lagunentzat, eta izen-ematea doakoa da. 25 eskaera baino gehiago jasoko balira, Geoparkeak aukeraketa bat egingo du. Hauek izango dira kontuan hartuko diren merituak:

  • Titulu akademikoa
  • Hizkuntza egiaztagiriak
  • Gidari lanean esperientzia izatea 
  • Jarduerarekin loturiko beste meritu batzuk

Parte hartzeko interesa dutenek CV laburtua eta interesa azaltzen duen gutun bat bidali behar dute geoparkea@geoparkea.com helbidera, 2024ko urtarrilaren 30a baino lehen.

Akreditatua izateko ikasleek gutxienez ikastaro-orduen %80 bete behar dute. Antolatzaileek argitu dute ez dela titulu ofizial bat eta akreditazioak Geoparkeko bisita gidatuak egiteko gaitzen duela soilik. 

Ikastaroa bi hizkuntzatan eskainiko da; euskaraz edo gazteleraz.