Joan den azaroan estreinatutako Lotura basatiak performancea berriro taularatuko dutela iragarri dute Debako emakume aktoreek. “Fokupean festibalaren baitan antzeztu genuen lehen aldiz. Sarrera guztiak saldu genituen eta jende asko ikusteko gogoarekin geratu zela ikusita, berriro antzeztea erabaki dugu”. Aurrekoan antzezlana ikusteko aukerarik izan ez zutenek, beraz, beste bi aukera izango dituzte urtarrilaren 27an (19:00) eta 28an (12:30) Agirre Jauregiko Ispiluen gelan eskainiko dituzten emanaldietan.
Azaldu dutenez, gainera, berritasun eta guzti eramango dute pieza agertokira. Izan ere, taulagainean bost emakume izan ordez, sei izango dira, honakoak: Amaia Arotzena, Jule Urbieta, Maialen Rosa, Amaia Zinkunegi, Itzale Laka eta Irati Baroja. “Pili Litago kanpora joan da eta haren ordez, Itzale Laka eta Amaia Zinkunegi gehitu zaizkigu proiektura. Obra, hortaz, birmoldatu egin behar izan dugu, eta horretarako hainbat entsegu egin behar izan ditugunez, horregatik itxaron dugu urtarrilera arte”.
Ama alaben arteko harremanaren konplexutasuna lantzen duen lana ikusteko sarrerak Entradium atarian daude eskuragarri, 5 euroren truke. Sarrerak aurrez aurre erosi nahi dutenek, berriz, urtarrilaren 19an (18:30-20:00) eta urtarrilaren 20an (12:00-14:00) Foruen Plazan jarriko duten mahaian edukiko dute horretarako aukera. “Hitza, irudia, musika eta mugimendua bateratzen eta tonu desberdinak nahasten dituen –umorea, poesia, drama…– obra katartiko bat dakargu eszenatokira”.