23. KORRIKA. Harro Herri

Martxoaren 20an iritsiko da 23. Korrika Debara

Berriketan 2024ko urt. 11a, 12:00

Korrikaren lekukoa zazpigarren egunean iritsiko da udalerrira. Euskararen aldeko ekimen herrikoi masiboenak 40 minutu inguruko sartu-irtena egingo du eta, jakitera eman dutenez, ez da igaroko Itziartik.

Bi hilabete eskas falta dira 23. Korrika Irungo San Juan plazatik abia dadin, eta AEK-k euskararen aldeko ekimen herrikoi masiboenaren ibilbidea zehaztu du jada. Gaur (urtarrilak 11) goizean aurkeztu dute ibilbidea eta, publiko egin dutenaren arabera, martxoaren 20an (asteazkena) igaroko da Debatik AEK-k sustatutako lasterketa.

Mapan ikusi daitekeenaren arabera, sartu-irtena egingo du Deban Harro Herri lelopean egingo den lasterketa ezagunak; ibilbidea, ordea, ez da Itziartik igaroko. Mendarotik barrena sartuko da lekukoa udalerrian, 13:28an. Eta 7 kilometro (1.546-1.552) zeharkatu ondoren, 40 minutu inguru beranduago, 14:11 inguruan zuzenduko da Mutriku aldera; Errotazarreko zubian mutrikuarren esku geratuko da lekukoa.

Korrika Batzordea. Tokiko arduradunek jakitera eman dutenez, datozen egunetan iragarriko dute Korrika Batzordea eratzeko lehen bilera ere. Modu batera edo bestera, euskararen aldeko lasterketa erraldoiari “behar den moduko erantzuna” ematen lagundu nahi duten guztiak gonbidatu dituzte hitzordura. “Batzordea eratu eta 23. Korrika herrira iritsi arte egin beharreko ekintzez hitz egingo dugu bilera horretan. Herriko talde, eragile, erakunde, ikastetxe zein korrikazale oro dago gonbidatuta”.

Bestalde, Korrikari buruzko informazio guztia jasotzeko Whatsapp talde ireki bat ere sortu dute tokiko arduradunek. Azpimarratu dutenez, edonork parte hartu dezake bertan. Ondorengo estekan klikatuta sartu daiteke taldean.