Berrikuntza nabarmen batekin dator aurten Manuel Mateos atleta zena gogoratzeko lasterketa herrikoia. Izan ere, proba azkenaldian egin izan ohi den data aldatzea erabaki dute hitzordua antolatzeaz arduratzen diren Deba Xtreme Kirol Taldeko kideek. Lasterketa, hasiera batean, azaroan egitea aurreikusita zeukaten, baina data horietarako iragarrita zegoen “proba kopuru handia” ikusita, urtarrilera atzeratzea erabaki zuten. “Parte-hartze handiagoa ziurtatzeko asmoarekin, urtarrilaren 21ean egingo dugu lasterketa”.
Aurtengoa hamargarren edizioa izango da eta, beti bezala, 16 urte beteta dituzten korrikalariek parte hartu ahalko dute bertan. Antolatzaileek aurten ere hamarnaka atleta batzea espero dute eta, jakitera eman dutenez, zabalik dago izen-ematea ere. Parte hartzeko interesa daukaten korrikalariek, zehazki, Herrikrosa atariaren bitartez eman dezakete izena. “Internet bidez aurrez izena ematen dutenek 14 euro ordaindu beharko dituzte”.
Aldats pilotaleku paretik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ibilbidea erabat laua dela azpimarratu dute.
250 parte hartzaileko muga ezarri du antolakuntzak eta, azaldu dutenez, izen-ematea proba egunera arte zabalik egongo da, aldez aurretik muga hori gainditzen ez bada behintzat. “Izena emateko web orria erabilgarri egongo da lasterketaren egunera arte; plataforma irekita egongo da proba hasi baino 30 minutu lehenago arte. Hori bai, parte hartzaileek, kasu horretan, 18 euro ordaindu beharko dituzte”.
Dortsalak hilaren 21ean jaso beharko dira. 10:00etatik aurrera, Aldats pilotalekuan egongo dira dortsalak banatzen eta, nabarmendu dutenez, aurrealdean jarri beharko dira ikusgai nahitaez, “ondo ikusteko moduan”. Proba herrikoia, berriz, 11:30ean hasiko da eta, pilotaleku paretik abiatuta, 10 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute korrikalariek. Ibilbidea erabat laua dela azpimarratu dute. “Parte hartzaileek zumarditik zehar prestatu dugun zirkuituari bi bira eman beharko dizkiote lehendabizi eta, amaitzeko, beste bira motzago bat osatu beharko dute”.
Urtero legez, sariak egongo dira lehenengo sailkatzen diren hiru gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat: irabazleei garaikurra eta 200 euro banatuko dizkiete, bigarrenei garaikurra eta 100 euro eta hirugarrenei, berriz, garaikurra eta 75 euro. Lehen postuan helmugaratzen den herritarrarentzako zein beterano azkarrenarentzako ere sari berezia egongo da. Parte hartzen duten guztiek kamiseta bat jasoko dute oroigarri eta hainbat opariz osatutako zozketan parte hartzeko aukera ere izango dute. Aldez aurretik izena emanda daudenen artean, gainera, 100 euroko bi sari ere zozkatuko dituzte.