Iragarrita daude dagoeneko KulturEkinen baitan aurten egingo diren lehenengo bi hitzorduak. Urtarrilaren 26an izango da lehenbizikoa, 20:00etan, Kultur Elkartean. Itziar Olague, Nahia Garaikoetxea, Maialen Aizpun eta Olatz Jimenez nafarrek osatutako Abian musika taldea ariko da agertokian eta jadanik salgai daude emanaldia ikusteko sarrerak, Internet bidez, hiru euroan (esteka honetan eros daitezke).
Bigarren emanaldia otsailaren 24an izango da, ordu eta leku berean. Oholtzan Eñaut Elorrieta musikari ezagunak jardungo du eta antolatzaileek azaldu dute emanaldira joateko sarreren inguruko informazioa datozen asteetan zabalduko dutela.