Arbil elkarteak Tknika zentroa bisitatzeko irteera antolatu du urtarrilaren 12rako

Berriketan 2024ko urt. 10a, 10:00

Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute, Arbil elkarteko kideekin harremanetan jarrita. Bost euro ordaindu behar dira Errenteriara joan-etorria autobusez egiteko.

Errenterian kokatutako Tknika Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren instalazioak bisitatzeko aukera izango da etzi (urtarrilak 12) Arbil elkartearen ekimenez egingo den irteeran. Antolatzaileek azaldu dutenez, “mundu mailan erreferentziazko zentroa” da Tknika, eta hura gertutik ezagutzeko aukera bikaina izango dute bisitan parte hartzen duten herritarrek. “Gure antzeko ezaugarriak dituzten elkarteen artean, instalazioak bisitatuko dituen lehenengo elkartea gurea izan daitekeela uste dugu”, nabarmendu dute.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak bultzatutako zentroa da Tknika. “Ardatz nagusitzat berrikuntza eta ikerkuntza aplikatua izanik, Tknikak egunero lan egiten du EAEko lanbide-heziketak Europako abangoardian jarrai dezan. Sare-lanaren bitartez eta lanbide-heziketako irakasleen inplikazioari esker, munduko eredurik aurreratuenak erreferentetzat dituen zentro honek teknologiaren, prestakuntzaren eta kudeaketaren eremuekin lotura duten berrikuntza-proiektuak garatzen ditu”.

Egitaraua

Antolatzaileek azaldu dutenez, goiz osoko egitaraua izango du Tknikara egingo duten irteerak. 09:30ean harrera ekitaldia izango dute Euskal Herria aretoan (Mari Jose Barriolarekin) eta, ondoren, BIO laborategien eta Landarrain proiektuaren berri izango dute bisitariek. Kaferako tartea izango dute ostean Bizkaia gelan, eta jarraian Etxebizitza Adimenduna egitasmoa azalduko die Gorka Gaztelumendik. 12:30ean amaituko da bisita.

Irteeran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute Arbil elkartearen telefonora Whatsapp mezu bat bidalita (631 90 99 60) eta bost euro ordaindu beharko dituzte autobusa ordaintzeko. Autobusa 08:45ean irtengo da Debatik; zumardian jarri dute hitzordua, hondartzarako sarreraren alboan.