Azken deialdian bekara aurkeztu diren proiektu guztien artean Sotorena onena dela ebatzi du Idurre Eskisabelek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak. Euskal Herriko historia hurbila arakatzeko proiektuak saritzen ditu bekak, fikziozkoak ez direnak, eta egileak azaldu duenez, Jon Mirande eta haren obra hobeto ezagutzeko baliatuko du beka. Aurreko urteetan bezala, 6.000 euroko dirulaguntza eta urtebeteko epea izango du lana burutzeko, emaitza gero liburu gisa argitaratu dadin.
Sotok dagoeneko izenburua ere jarri dio bere egitasmoari: Mirande: Herriminez, ezin-minez. Bertan, duela ia 100 urte jaio eta orain dela mende erdi zendutako idazle paristarra eta haren obra hobeki ezagutzeko giltza batzuk eskaini nahi ditu: batetik, Bretainiarekin eta abertzale bretoiekin izandako harremanak ikertu, Miranderen bilakaeran funtsezkoak izan arren aski ezezagunak baitira euskaldunontzat; bestetik, Miranderen lan ezezagun batzuk topatzen saiatu, batik bat (baina ez soilik) bretoieraz idatziak; eta azkenik, Miranderen biografian hondarreko urteotan egin diren aurkikuntza guztiak bateratu, biografia osatu bat plazaratzeko, publiko zabalarentzat.
Ikerketari buruz emandako azalpenetan, Sotok nabarmendu du Mirandek oraindik ere “lilura eta jakin-mina pizten” jarraitzen duela, batik bat haren lanak irakurriz gero. “Oso argi potentea da euskaldunontzat hain iluna izan zen XX. mendeko erdialdean eta, potente izateaz harago, Mirandek oso argi seduktorea irradiatzen du”. Dena dela, Miranderi erreparatzean, soilik haren alderdi batzuei egiten zaiola so dio, eta ez denei. Sotoren iritziz, “gehiegi” dakigu haren bizitzari buruz, baina ez dakigu horrekin zer egin. “Gizona eta obra hobeto ulertzeko erabili beharrean, euskaldunok halakoetan egin ohi duguna egiten dugu: epaitu. Eta, gainera, esango nuke euskal literaturaren historian Mirande inor baino gogorrago epaitu dugula”.
Hori horrela, egileak dio “behar adina” arakatu ez diren alderdi horietan sakontzen saiatuko dela Mirande: Herriminez, ezin-minez lanean. “Gizona eta obra hobeto ezagutu nahi baditugu, fenomeno horri buruz gehiago jakin behar dugu derrigor. Bide horretan, gustatuko litzaidake galduak edo argitaratu gabe dirauten Miranderen hainbat idatzi bilatzea. Hori eginda, gustatuko litzaidake Miranderen bibliografia pixka bat osatzea, aurkikuntzak egin ditugun arren, urte batzuk daramatzagulako hori berrosatu gabe”.
Edonola ere, askotariko ekarpenak egitea espero du, eta hori guztia “publiko orokorrarentzat idatzitako liburu batean” jaso. “Miranderi buruzko ikerketa espezializatu –on eta txar– asko dago baina, esan dudan bezala, bere bizitza osoa zeharkatzen du Bretainiarekin duen harremanak eta, beraz, uste dut posible dela bere bizitzara eta obrara aurrenekoz hurbildu nahi duen edonorentzako moduko dibulgazio liburu on bat egitea”.
Egileari buruz
Mikel Soto Nolasko 1978an jaio zen Iruñean eta Historian lizentziatua da. Egun irakaskuntzan ari bada ere, urtetan izandako editore lanagatik da batik bat ezaguna euskal kulturan. 2020an, esaterako, Suak pizten direnean poesia liburua kaleratu zuen. Horrez gain, Deabruaren eskola izeneko dibulgazio literarioko proiektu digitalean ere parte hartzen du, eta, besteren artean, torturaren salaketako ekintzaile gisa ere badihardu.