Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak zein hondartzak dituzten gainontzeko udalerrietako ordezkari politikoek hartu zuten parte ostiralean egindako bileran. Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensio eta Trantsizio Ekologikoko zuzendari Monica Pedreirarekin batera, batzarrean izan ziren Orioko alkate Anuska Esnal, Getariako alkate Haritz Alberdi, Zumaiako alkate Iñaki Ostolaza, Mutrikuko alkate Joseba Palenzuela, Debako alkateorde Jon Riaño, Hondarribiko zinegotzi Ortzi Alonso, Donostiako Zerbitzuetako zinegotzi Carlos Garcia eta Zarauzko Iban San Martin eta Gloria Vazquez zinegotziak.
Egungo egoeraren berri eman zieten udal ordezkariei, eta Jasangarritasun Foru Departamenduak jarduera koordinatuaren zirriborroaren nondik norakoak azaldu zituen.
Alerta eta abisu-sistema guztiak aktibatu direla jakinarazi zieten, gainera. Horrez gain, pinportak iritsiko balira, zein makina erabiliko diren adierazi zieten udal ordezkariei.
Hala, Portugalgo uretatik datozen pelletak Gipuzkoako kostaldera iristeko arriskua dagoela ikusita, alerta-fasean gauzatuko diren jarduketak ondorengoak izango direla zehaztu zuten:
- Hondartza guztiak egunero zaindu eta ikuskatzea: Zaintza-zerbitzua sendotuko da, obra-zuzendaritzako hiru pertsonak eta zuzendaritzako bi teknikarik parte hartuta.
- Garbiketa-zerbitzua indartzea: 15 pertsonako garbiketa-ekipo gehigarri bat jarriko da.
- Pellet-laginak biltzea: Hondartzen arabera bereizitako eta etiketatutako poltsetan bilduko dira laginak, AZTIrekin koordinatuta, laginak bidaltzeko eta alderatzeko, Galiziatik datozen laginen zain.
- Larrialdi-faserako baliabide materialak eskuratzea: 100 galbahe eta kubo erosi dira, bai eta ontziak, edukiontziak eta bahegailu trinkoak ere.