LABIren Aholku Batzordea urriaren 5ean elkartu zen azkenengoz, eta osasun larrialdi egoera desaktibatzen duen dekretua onartu zuen. Honenbestez, bertan behera gelditu ziren jardueren ordutegiak, edukiera eta egituraketa mugatzen zuten ordura arteko neurriak. Hala ere, bi neurri murriztailek indarrean segitzen dute. Adibidez, maskararen erabilerak.
LABIren Aholku Batzordearen prentsaurrekoan Iñigo Urkullu lehendakariak jakinarazi zuen pandemiaren oraingo egoera bat datorrela “Bizi Berri Planaren 1. mailan ezarritako parametroekin”. Hori horrela, dekretu berriaren bitartez, bertan behera geratu dira orain arte indarrean zeuden neurri murriztaile nagusiak, bi salbuespenekin:
Batetik, eutsi egingo zaio espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan % 80ko mugari. Bestetik, indarrean jarraituko du barnealdeetan maskara erabili beharrak, baita kanpoaldeetan ere, pertsonen arteko distantzia mantendu ezin denean.
Osasun larrialdi egoera amaitutzat eman ondoren desegin egin da Aholku Batzordea.